Pleura musika taldeak bere azken kontzertua eskainiko du larunbat honetan Elizondon eta horretarako Bertze bat arte fest jaialdia antolatu du. 16:30etatik aurrera hamar bat taldetako 50 musikari inguru Merkatu plazan kokatuko den oholtza gainetik pasako dira: Roña, Joseba Irazoki, Sodade, Vaire, Ozpinduk, Ufestuek, Kaskezur eta Burutik. Hauen ondotik, 22:30etan, Pleuraren txanda izanen da. 

2018an hasi ziren Olaia Inziarte, Unai Urroz eta Ion Mayordomo Pleura sortzeko lehendabiziko lanekin. Gero Julen Zeballos sartuko zen taldean eta “mantso-mantso” konposatzen hasi ziren. 2019ko maiatzean haien lehen kontzertua eskaini zuten Borobileko ertzetik jaialdian, larunbat honetan azkenekoa joko duten toki berean, Elizondon. 

Penarekin baina “pisu bat gainetik kentzearen sentsazioarekin” itxiko dute zikloa. Egindakoarekin “arras kontent” daude eta ibilbide honetan zehar “dena positiboa” izan dela aipatzen dute, “momentu negatiboei beti buelta eman diegulako”.

Urte hauetan zehar denetariko egoeretara egokitu behar izan dira. 2019an Bakarrilketa diska grabatu zuten baina pandemia tarteko, ezin izan zuten 2020ko azarora arte kaleratu. “Ez dugu sobera suerte izan” dio Mayordomok, baina diskoak izandako harrerarekin eta emandako kontzertuekin oso pozik daude. “Madrilera joateko aukera izan genuen eta kontzertu aunitz bete ziren, Euskal Herrian, adibidez, Hatortxu Rocken eta Zutik! jaialdietakoak izan ziren potenteenak” oroitzen dute.

Gero, Olaia Inziartek taldea utzi eta Irati Gutierrez sartu zen. Baina Iratik ahots kordetako arazo baten ondorioz taldea utzi behar zuela jakiterakoan, Pleuraren amaiera izan behar zela erabaki zuten. “Ez genion zentzua aurkitzen hirugarren abeslari bat sartzeari eta zikloa ixtea erabaki dugu, gauzak aldatu direlako eta proiektua aunitz aldatu delako. Momentu ona da uzteko, merezi duen bukaera emateko eta oroitzapen onekin gelditzeko” dio Mayordomok.

Azkeneko sei kontzertuetan Kattalin Arizmendi elizondarraren laguntza izan dute. Honek, larunbateko hitzordua “kriston ilusioarekin” espero du, “arras berezia” izanen baita.

Larunbatera begira, “giro oso polita” espero dute. Pleuraren bukaeraz gain “mendialdeko taldeen topagune bat” izanen da. Hala, amaiera festa ospatzeaz gain, “hemengo kulturaren eta musikaren munduan dagoen indarra ospatu eta aldarrikatzeko” jaialdia izanen da.

Lortzen den diru guztia musika taldeentzako izanen da, “etxeko uzta” babesteko eta behin kontzertuak bukatuta, bestak Gaztetxean izanen du segida