Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Lesakako Udalak Udalerri Euskaldunen Eguna antolatu dute maiatzaren 18rako. Horretarako, Zubiak zeharka goiburupean egun osorako egitarau zabala prestatu dute.
Bi urtetik behin izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna, udalerri euskaldunen ekarpena festa giroan ikusarazteko eta aurrera begira dituzten erronkak nabarmentzeko. Gainera, UEMAko kide diren udalerriek ez ezik, gainerako udalerri euskaldunek ere hartzen dute parte.
Lesakako euskara zinegotzi Eneko Fernandezek aurkezpenean nabarmendu zuenez, “Lesaka udalerri euskalduna da, eta harro gaude lesakarren izaeraren eta nortasunaren ezaugarri nagusienetakoa euskara izateaz, euskaldunak izateaz”. Hala, ilusioz egindako lana azpimarratu eta euskaldun guztiei maiatzaren 18an Lesakara gerturatzeko deialdia egin zien. Azkenik, ekimen hau herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean antolatua izan dela gogorarazi zuen, eta ez dela “UEMA eta Udalaren arteko kontua soilik izan, ekimen herrikoia baizik”.
Larunbateko egitaraua goizeko 09:45etan hasiko da soinulari eta txistularien dianekin. Ondotik, 10:00etan, UEMAren batzar nagusia eginen dute. Batzar nagusian, UEMAren ohiko ildoez eta kontuez aritzeaz gain, UEMAko kide izateko herri berriek egindako eskaerak ere aztertuko dituzte batzarrean parte hartuko duten alkateek eta zinegotziek.
Horretaz gain, Euskara taldeen topaketa ere izanen da. Hasieran gaur egungo egoeraren diagnostiko laburra egingo dute, eta ondoren erronka berriei heltzeko gakoak aztertuko dituzte, saretzeko moduekin batera.
Haurrentzako herri kirolak ere izanen dira eta 12:30etan, ekitaldi instituzionala plazan. Udalerri Euskaldunen Egunean, ohikoa izaten da euskararen aldeko lanean nabarmendu den elkarte, herritar edo eragileren baten lana aitortzea. Aurten, UEMAk, Lesakako Udalak eta antolakuntzan aritu diren herriko eragileek horrela erabakita, Euskal Herrian Euskaraz taldeak jasoko du omenaldia ekitaldi instituzionalean.
Izan ere, EHE sortzeko lehen bilerak Lesakan egin zituzten, eta hasierako talde-sortzaile hartako kide ziren Kontxi Erro eta Antton Erkizia euskaltzale lesakarrak. Horien lana aitortzea erabaki zuten antolatzaileek, baina omenaldia talde-sortzaile osoari eta EHEk urte askoan euskararen alde egin duen lanari zabalduta.
Sortu zenetik, euskararen aldeko hamaika ekimen antolatu ditu EHEk, eta egindako ibilbidea gogoratzeko, eskerrak emateko, eta taldekide izan direnei dagokien aitortza egiteko modua izango da omenaldia.
Beranduago, 13:15etan, Lesakako Musika Eskolako ikasleen fanfarreak herriko karrikak alaituko ditu eta 14:30etan bazkaria izanen da Bidenabar talde baztandarrak girotua.
Arratsaldean, Maddi Ane Txoperena eta Josu Sanjurjorekin bertso-triki poteoa izanen da eta 20:00etan Larrain dantza herrikoia, Lesakako gaiteroekin.
Besta giroarekin jarraitzeko, Trikidantz taldearen kontzertua izanen da 20:45etan hasita eta azkenik, 23:30etatik aitzin, Dj festa: Fifi & Fefaren eskutik.
Bertzalde, besta egun honen harira, Solasa izan izeneko abestia ere egin dute lesakarrek, elkarlanean. Ekhiñe Zapiainek eta Itziar Telletxeak idatzi dituzte hitzak, eta Arranoband taldeak sortu du musika. Ibai Gogortza aritu da teknikari lanetan eta bideoklipa, berriz, Mikel Leizaren lana izan da.