EuskarAbentura espedizioko 127 “Jzioquitarrak” eskualdean izan dira egun hauetan. Uztailaren 17an, ortzeguna, Oiartzun – Lesaka etaparekin sartu ziren Bortzirietan. Lesakan, Nafarroako euskararen egoera eta Lesakako Ezpata dantza gertutik ezagutzeko aukera izan zuten gazteek.
Hurrengo egunean, Lesakatik Urdazubirako bidearekin jarraitu zuen espedizioak. Arratsean, Urdazubin kokatu ondotik, Amaia Nausia sorginen inguruan mintzatu zitzaien eta larunbatean, Urdazubitik Amaiurrerako ibilbidea egin eta gero, Asisko Urmenetarekin egoteko aukera izan zuten.
Amaiurko frontoian bazkaldu zuen atzo taldeak eta bazkalostean, Baionarako autobusa hartu zuten. Hala, Bortziriak, Xareta eta Baztan ezagututa, Euskal Herriko beste txoko batzuetatik jarraituko dute uztailaren 31an bukatuko den abentura hau.
Horrela, Euskal Herriko eta diasporako 127 gaztek eta lantaldea osatzen duten 30 kideek 400 kilometroko bidea osatuko dute, 27 herri ezagutuz.