lekaroz- Urtero bezala, ikasturtea hasita, Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango herrietako eskolek Eskola Ttikien Besta ospatuko dute. Aurtengoa, hurrengo asteburuan, irailaren 30ean izanen da, igandearekin. Besta jendetsu eta eder hau txandaka antolatzen dute herri desberdinetako eskolek, eta aurtengoan Lekarozkoek hartu dute antolatzeko ardura. Baztan eta Xareta aldeko eskola ttikietako haur, guraso eta irakasleek, baita hurbildu nahi duten gainerakoek ere ospakizun alai eta partehartzaile honetan gozatzeko aukera izanen dute. Lekarozko eskola berria martxan jarri zenetik. 2016ko irailetik, lehenbiziko aldia izanen da bertan besta hau antolatzen dutena. Izan ere, 3. ikasturtea da hau berriz ere Lekarozen eskola zabaldu zenetik, eta pixkanaka-pixkanaka gero eta haur gehiagok osatzen dute bertako komunitatea. Ikasturte berri honetan, 10 haur joaten dira Lekarozko eskolara. Beraiek, euren gurasoek eta irakasleek, herritarrekin batera, ilusioz prestatu dute aurtengo eskola ttikien besta, denen gozagarri.

EGITARAUA Goizetik arratsaldera arteko egitarau zabala antolatu dute Eskola Ttikien Bestarako, honela, goizeko 10.00etan hasiko da besta, harrerarekin. Gero, Lekarozen barrena bi ibilbide prestatu dituzte, bakoitzak nahi duena aukeratzeko: bat luzeagoa, 2 ordu ingurukoa eta bertzea laburragoa, 20 minutu ingurukoa, azken honetan, Lekarozko Campusean dagoen aterpetxera joanen dira eta bertan, Banakike Txotxongilo Taldearen eskutik Ilargi Arrantza haurrendako txotxongilo ikuskizunaz gozatzeko aukera izanen da, gero, berriz herrira oinez itzuliz. Ilargiaren Arrantza, euskaraz egindako txotxongilo sorkuntza bat da, non antzerkia eta musika uztar-tzen diren. 3 eta 7 urte bitartekoendako ikuskizuna da eta hiru ordu laurden inguru irauten du. Argizagia eta ortzia ditu hizpide, kantuen eta hitzen bitartez. Unibertsoaren edertasun misteriotsuaren garrantzia nabarmentzen du, norberaren ametsen gauzapenarekin batera. Dekoratuak eta txotxongiloak material birziklatuekin eginda daude.. eta musika eta kantuak obrarako bereziki konposatuak izan dira. Ipuin iniziatiko bat da, non itsas izar batek zeruan dauden bere ahizpak ezagutzera joateko bidea egiten duen. Ibilbidean zehar pertsonaia ezberdinak ezagutuko ditu, itsas azpikoak, lurrekoak eta izaera anitz eta indartsuak dituzten zerukoak. Munduko ipuinen erreferentzia ezberdinak aurki daitezke bertan, Beninekoak, Buhameak, Kabiliakoak eta Amerindiarrak. Atzerriko ipuinak abestuak, kontatuak edo justu zirriborratuak agertzen dira antzezlanean zehar. Berriro herrira itzuñi etadenak elkartuta, 13.00 aldera, frontoian bazkaria izanen da. Lekaroztarrek mahaiak jarriko dituzte eta norberak bere bazkaria eraman beharko du, hori bai, kafea eta postrea herritarrek jarriko dute. Izan ere, Eskola Ttikien Bestan eskolako ikasle, irakasle eta gurasoez gain, herri osoa inplikatzen da. Gainera, laguntzaile desberdinek emandako opariak zozkatuko dituzte eta arratsaldean, aktibitate desberdinak izanen dira, puzgarriak eta Ordokiko zaldiak, baita dantzaldia ere, Bixenteren eskutik. 18.00etan besta bukatuko da, dena bildu ondoren. Aipatu behar da ez dela edalontzirik izanen, beraz, bakoitzak berea eraman beharko du. Sotopilek ere izanen dira salgai, 11.00etatik ai-tzinet.