LESAKA - Mairu Antzerki Tailerrak Keinu-Leihoak antzerki jardunaldien hamalaugarren edizioa antolatu du. Aurten, berrikuntza moduan, argazki erakusketa batekin abiatuko da. Asier Gogortzaren Mendebalde argazki erakusketa irekiko da larunbatean 19.30ean Harriondoan.

Berako argazkilariaren proposamen honetan, baserriaren atzealdeak bakarrik ageri dira, kasu gehienetan mendebaldeko horma izaten den hori. Jakina da baserri tradizionalak eguzkia sortzen den aldera izaten duela bere fatxada nagusia, ekialdera. Baserriaren atzealdea, ordea, mendebaldera begira izan ohi dute gehienetan, eguraldi zakarra eta haizea datozen tokira. Horregatik izaten dira mendebaldeko paretak apenas leiho eta aterik gabekoak. Argazkietan ageri denak ez du bat eginen, seguru aski, burutan dugun euskal baserriaren irudiarekin. Errealitateak eta pertzepzioak talka egiten duten haustura-tarte horretan kokatu nahi izan du argazki lan hau. Erakusketa abenduaren 1etik 16ra, zikloan eskainiko diren bi antzezlanen artean ikusteko aukera izanen da. Harriondoa sarreran paratuko dituzte argazkietako batzuk eta, beraz, Kultur Etxea irekia dagoenean ikusteko aukera izanen da. Baina horretaz gain, herriko zenbait etxetako paretetan ere jarriko dituzte.

Larunbatean bertan 20.00etan, Ximun eta Manex Fuchs anaiek osatzen duten Axut! Taldeak Zazpi senideko an-tzezlana eskainiko du, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Bi aktore, bi anaia eta anaitasun ebatsiaren inguruko zazpi istorio antzerkira ekartzen ditu antzezlanak, tartean Gaizka Sarasola herritarrarena.

Bukatzeko, Miren Tirapu zuzendari eta antzezle duen Beheko Larraineren proposamen berria, Manifestu bat antzezlana taularatuko dute abenduaren 16an, 18.00etan Kasinon.

Beran azkena Berako XX. Kafe-Antzerki Zikloko hirugarren eta azken emanaldia eskainiko dute ortzirale arratseko 10.30ean Errekalde ostatuan. Atauts taldeak Guduak taularatuko du . Asier Hernandez eta Dorleta Urretabizkaia dira antzezlan honetako aktoreak. Emanaldia doan izanen da.