elizondo- Astelehenean abiatu zen aurtengo (H)ilbeltza, Euskal Nobela Beltzaren Astea. Bortzgarren edizioa Arizkungo medikuaren etxean inauguratu zuten, merendu baten inguruan. Xabier Olarra idazle eta itzultzailea Dashiell Hammettek idatzitako Uzta gorria liburuari buruz aritu zen. Ameriketako Estatu Batuetako idazlea nobela beltzaren aitzindaritzat jotzen da.

Olarrarendako ere genero beltzean murgiltzeko akuilu izan omen zen idazlea, eta partikularki, Uzta Gorria nobela. Olarrak, idazle estatubatuarraren hainbat liburu ekarri ditu euskarara eta bere bizitza zail eta gorabeheratsuaren nondik norakoak aletu zituen. Gorritasunak alde batera utzita, atzo hurbilagoko idazle bat izan zuen hizpide Koldo Izagirrek: Xabier Gereño, euskal nobela beltzaren erreferenteetako bat. Anizko Mendiarte elkartean, jan-edaririk falta gabe, Izagirrek Jurgi Kapitaina, Xabier Gereñoren doblea izeneko saioa eskaini zuen, idazleak sorturiko pertsonaia ardatz hartuta.

Gaur atseden eguna izanen du Euskal Nobela Beltzaren Asteak, asteburu bete-beteari ekin aitzinetik. Bihar, ortzirala, 19.00etan Elizondon, Arizkunenea kultur etxean, Gontzal Agoteren eskutik, Hemingway ere beltza zen izeneko saioa izanen da, zinema eta literatura lotuko dituena. Larunbat eta igandea ere bete-beteak datoz. - F.A.G.