irurita - Elizondoko Abesbatza Ttikiak 10 urte bete ditu aurten eta urteurreneko ospakizunen baitan ekitaldi anitz ari da burutzen. Etengabeko hazkuntza horretan formakuntzak garrantzia handia du. Urte hasieran, ilbeltzaren 4ean, iaz Elizondon estreinaturiko Jolasean musikal ikusgarria taularatu zuen, leporaino betetako Iruñeko Gaiarre antzokian.

Bertzetik, joan zen larunbatean, otsailaren 9an, Elizondoko Abesbatza Ttikik, beren jardun oparoan gehiago ikasteko asmoz antolatutako tailer bat abiatu zuen Iruritan. Musikaren munduan oro har eta partikularki abesbatzen munduan aditua den Imanol Elizasu zuzendari eta irakaslearen eskutik hasi dute aipaturiko tailerra, Iruritako Gizarte Bilgunean. Elizondoko Abesbatza Ttikik antolatu arren, Baztango ikastetxe ezberdinetako ikasleei (eskola ttikiak, Baztan Ikastola, Lekarozko BHI, Elizondoko Eskola) zuzendutako tailerra da, zeinean ahots teknika eta gorputz mugimendua uztarturik, kanta estilo ezberdinak lantzeko asmoa duten, klasikoak nola modernoak, enpastea, kolorea, sentimenduen adierazpena edota espresibitatea landuz. Lehenbiziko saioan aunitz ikasi eta ederki pasatu zuten, hurrengo saioa, berriz, martxoaren 16an izanen dute. Ondotik, apirilaren 6an, “Haur eta Gazte Kantarien Topaketan” Elizasurekin ikasitakoa erakutsiko dute Iruritan eskainiko duten kon-tzertuan, berak zuzentzen duen Zaria Koru Eskolako abesbatzarekin batera.

Martxoaren 16an ere, baino arratsaldez, Iruritako dantzariekin batera ikuskizun berezia eskainiko dute Elizondoko Abesbatza Ttikiko kantariek Iruritako Aranabia frontoian.

Horren aitzinetik, dena den, hilabete honetan berean, bertze bi emanaldi izanen dituzte. Otsailaren 23an, Erratzuko San Pedro elizan, 18.30ean, Elizondoko Abesbatza Ttiki eta Aieteko Araoz Gaztetxo abesbatzaren kontzertua izanen da. 27an, Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzan ere kontzertua eskainiko dute. - F.A.G.