elizondo - Joan zen larunbatean, Xareta, Bertizarana, Malerreka, Bortziriak eta Baztango emakume feministek Elizondon prentsaurreko bat eskaini zuten Martxoaren 8ari begira. Gogora ekarri zuten duela urte bat inguru, eskualdeko emakumeek euren ahotsa altxatu eta heteropatriarkatuari planto egin ziotela, herriz-herri ekitaldi desberdinak eginez eta arratsaldean eskualde mailako mobilizazioa Lesakan burutuz.

Aurrekaririk gabeko mobilizazio-tzat jo izan zen, baina, diotenez, historikoki beren eskubideen defentsan borrokan aritu izan diren hainbat eta hainbat emakumeen kemenagatik izan ez balitz, ez zena posible izanen. Iaz erran zuten bezala, aurten ere berriz diote: “eguneroko borroka da eta emakume guztiak libre izan arte ez dugu etsiko”.

Horregatik, aurtengo Martxoaren 8an Euskal Herriko Mugimendu Feministak grebarako deialdia egin ondotik, eskualdeko emakume feministek grebarekin bat egitea erabaki dute.

GREBA EREMU GUZTIETAN Bizitzaren eremu guztietan greba eginen dutela adierazi zuten, ordaindutako lanetatik doan egiten dituzten lanetaraino. “Martxoaren 8an emakumeok, transok eta bollerok lan guztiak utziko ditugu eta karrikak hartuko ditugu berriro ere. Greba feministarekin, hetero-patriarkatu-kapitalistari planto eginen diogu”. Greba iragarri zuten sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko ereduan, jakintzak eraikitzeko ereduan, arrazakeriaren aitzinean, edertasun ereduaren aitzinean eta zapalkuntza guztien aitzinean.

Patriarkatuak alboratzen dituzten trans, bollera eta emakumeen bizi-tzak erdigunean jarri nahi dituztela aldarrikatu zuten. Horregatik, greba bortz ardatzetan antolatu dute: pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumo greba feminista izanen dela garbi utziz.

Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatu zuten larunbatean, zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatuz, politika publikoen zeharkako ardatza izan dadin eta pertsonen zaintza ez dadila zapaldutakoen eskubideen bizkar gelditu. Finean, parekidetasuna bermatzeko politikak eta berdintasun formalaren garapena sakoneko eraldaketa prozesu batekin lotzearen beharra aldarrikatu zuten.

Emakumeentzat, greba egiteko eta grebaren parte izateko hainbat modu egonen direla gogora ekarri zuten: lantoki eta ikasgeletan greba egitea; herri, auzo edota hirietako mobilizazioetan parte hartzea; zain-tzeari uztea; amantala balkoian zin-tzilikatzea; bakoitzaren eskualde edo arloan greba zabaltzea; edota besoko morea eta txapa jartzea, grebarekin bat egiten dela adierazteko.

Gainera, Martxoaren 8an ez kon-tsumitzera deitzen dute ere. “Hiriak, herriak eta auzoak geldiarazi nahi ditugu, eta argi utzi emakumeak gelditzen bagara, mundua gelditzen dela”. Kontsumo ereduaren inguruko hausnarketa eta praktika arduratsua izatera deitzen dute, “lan eremuan esplotatzen gaituzten eta publizitatearen bidez kosifikatzen gaituzten enpresetatik kanpo ber-tze ekoizpen eredu batzuk posible direla ikusaraziz”.

Hau guztia kontutan izanik, eta herrietan egindako batzarretan oinarrituz, Xareta, Bortziriak, Malerreka, Bertizarana eta Baztango emakumeek Martxoaren 8rako elkarlanean egitarau bateratu bat antolatu dute, emakumeak ekitaldi eta mobilizazioetan parte hartzera animatuz.

ESKUALDEKO MOBILIZAZIOAK Goizean zehar herri bakoitzak bere ekitaldiak eginen ditu eta 12.00etan Emakatea eta gero bazkari autogestionatuak. Arratsaldean, 17.00etan eskualdeko emakumeek Elizondoko plaza hartzeko deia egin dute, eta bertaratzeko autobusak antolatuko dira. 19.00etan manifestazioa eginen dute Elizondon. Martxoaren 8an berriz planto egitera deitu dute, “karrikak, plazak, egunak eta gauak gureak eginen ditugu”.