bera - Tartean antzerki konpainiak Ghero. Azken euskalduna antzezlana taularatuko du Berako kultur etxean larunbatean 19.00etan, eta Euskaltziandiaren mendeurrenaren harira eginen diren egitasmo kulturalen baitan eskainiko dute. Sarrera 7 euro gostako da eta aitzinetik salgai daude Xuga ostatuan. Berako Euskara Batzordeak antolatu du emanaldia, Nafarroako Antzoki Sarearen, Berako Kultur Batzordearen eta Udalaren laguntzaz.

Sinopsia Kutsu futurista duen antzelanak 3000 urtera eramaten ditu ikusleak eta azken euskaldunaren istorioa kontatzen du. 3000 urtea. Euskara desagertzeko zorian dago. Azken euskaldunak izkin egin nahi dio halabeharrari. Benetako misterioa ez da gure hizkuntzaren jatorria, ezbada bere biziraupen harrigarria. 3000 urtean euskara egonen da? Ghero, hizkuntza baten bizirauteko amorrua. Ghero, bizirik irauteko grinari buruzko istorio bat. Hizkuntz preindoeuropear ttiki baten biziraupenaren mirariarekiko harridura, miresmena, nahasmena, konplizitatea?

Bederatzi istorio, bederatzi antzerki poema, euskararen planetaren inguruan orbitatzen. Antzezlan emozionantea, originala, dibertigarria, harrigarria eta estetikoki ausarta.

Euskara da Gheroko protagonista nagusia. Izan ere, dozena bat hizkuntza erabiltzen dira ikuskizuenean: euskara, jakina, baina gaztelera, frantsesa, katalana, galegoa, latina, ingelesa? ere bai. Hizkuntzen aniztasunaren aldeko kantu bat izan nahi du Gherok. Koldo Mitxelena idazleak euskararen misterioa ez zela bere jatorria erraten zuen, bere iraupena baizik. Antzezlanak mito horren inguruan dihardu, euskaldunok gure gain dugun euskararen iraupenaren zamaz.

Patxo Telleriak idatzi du dramaturgia eta Jokin Oregik zuzendu. Oholtza gainean, berriz, bortz aktore dira: Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri, Mikel Marinez eta Patxo Telleria. Iñaki Salvador pianojolearen musikak giro-tzen du antzezlana eta eszenografia Ana Garairena da.

Koadernaketa tailerra Kultura Batzordeak koadernaketa tailerra antolatu du ortzegunean 17.00etatik 19.30era herri liburutegian. Araitz Urbeltzen eskutik eskainiko den ikastaroa 7 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoei zuzendua da eta gehienez hamaborz lagun onartuko dituzte. Oihalezko artista liburuak egiteko tailerra izanen da eta estanpatzeko gauzak eramateko deia egin dute: tapoiak, hostoak, adarrak, enbortxoak? - A.A.A.