elizondo - Duela hamarkada batzuk Club Ciclista Baztandarraren jarduna puri-purian zegoen. Hamarnaka haur eta gaztek parte hartzen zuten, taldeak antolatutako entrenamentu eta lasterketetan. Adin pixka bat dutenek gogoratuko dituzte ttikienek soinean jartzen zituzten laranja koloreko maillotak edota ilea alde guztietatik ateratzen uzten zituzten txitxonerak. Eskualdeko herri desberdinetan, bertako txirrindula klubekin elkarlanean, lasterketa desberdinak antolatzen ziren eta haur eta gaztetxoek iusioz parte hartzen zuten. Zoritxarrez poliki-poliki dena desagertzen joan zen, bai lasterketak eta baita eskualdeko txirrindula eskolak ere.

Hori irauli nahian, iaz, eskualdeko herri desberdinetako hainbat txirrindulazale berriz ere elkartzen hasi ziren, garai batekoa gogoan, etorkizun hurbilean txirrindula topaketa batzun bidez hasi eta berriz ere txirrindula eskolak martxan jartzeko gogoz. Elizondon eta Beran, 120na haur eta gazte bildu ziren. Arrakastak hauspotuta, bide beretik segi eta aurten bortz edo sei topaketa burutuko dituzte eskualdean, Baztan, Malerreka, Sunbilla, Lesaka eta Beran.

BAZTANEN ESKOLA Gainera, Baztango kasuan, CC Baztandarra Txirrindulari Elkartea berpiztu dela dirudi eta 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutikoekin txirrindula eskola berri bat martxan jartzeko asmoa agertu dute, baita hi-tzorduak finkatu ere. Apirilatik ekainera, asteartetan elkartuko dira, Lekarozko kirol instalazioetan, mendi bizikletekin konfiantza har-tzeko ariketak egiteko. Interesa dutenek ccbaztandarratxe@gmail.com-era idatz dezakete edo soinketako irakasleari erran, martxoak 26a baino lehen. Gurasoekin, dena azaltzeko bilera, martxoak 29an 19.00etan izanen da, Arizkunenean. Bilera horretan antolatzaile eta entrenatzaileak edozein zalantza argitzen saiatuko dira.