elizondo - Baztango agroekologia eskola herritarraren egitarauaren baitan antolatutako okintza ekologikoari buruzko ikastaroa, arrazoi desberdinengatik bizpahiru aldiz gibeleratu ondotik, azkenean, joan zen ortziralean burutu zuten Baztanen. Elizondoko eskola publikoko sukaldean. Eduardo Salvador, Basque Culinary Centerreko irakaslearen gidaritzapean, hiru ordu eta erdiz okintzaren oinarriez modu praktikoan aritu ziren: orantzaz, irin desberdinez, ogi klaseez, labeaz eta ogia egosi eta erre-tzeaz, bertzeak bertze. Modu horretan, orantza eta ogia egiten ikasteaz gain, harat hurbildutakoek ogi ekologiko eta osasungarria egin eta etxera eraman ahal izan zuten.

TRANSGENIKOAK Baztango agroekologia eskola herritarrarekin segituz, Hazitik Hozie elkarteak transgenikoei buruzko solasaldi bat antolatu du heldu den apirilaren 12rako.

Elizondoko Arizkunenea kburutuko da eta nekazari ingenieritzan doktorea eta Lleidako unibertsitateko irakaslea den Jose Ramon Olarietak parte hartuko du. Som lo que Sembrem elkarteko partaidea da Olarieta baita Assemblea Pagesa nekazarien elkartekoa ere. Transgenikoen gaia hurbil-hurbiletik landua du eta iaz, errate baterako, Transgénicos ¿de verdad son seguros y necesarios? izeneko liburua argitaratu zuen, gaiari buruz sakon aritzen delarik. Europako Batasunean Portugalen eta Espainiako estatuan bakarrik produzitzen dira transgenikoak. Nafarroan, adibidez, 8.300 hektarea daude eta Baztanen kontsumitzen den pentsu anitz transgenikoa da. Badira hogei urte hazi transgenikoak han-hemen ereiten hasi zirela eta geroztik, horren ondorioei buruz azterketa anitz egin dira ingurumenean, osasunean eta nekazaritza-ereduetan duen eragina behatuz. Mintzaldia 19.30ean izanen da, gaztelaniaz. - F.A.G.