elizondo - Gaur goizean Nafar Erresumako kronoeskaladak ekimenaren baitan, Urdazubitik Otsondorako kronoigoera burutuko da. 10.00etan abiatuko da lehenbiziko txirrindularia, eta hurrengoek, 30 segunduko tartearekin hasiko dute proba. Izenak berak dioen bezala, erlojuaren kontrako proba da, bakarka burutuko dena, nahiz eta gero, Otsondoko kaskoan denak elkartuko diren eta disko jartzaile batek animatuko duen egonaldia, izerdi pixka bat jaraitu ondotik, elkar ezagutu eta ongi pasatzeko aukerarekin.

Nahi duen txirrindulari orok parte hartzeko aukera du gaurko proban, baita ekimenaren baitan antolatutako gainerako probetan ere. Izan ere, 6 proba antolatu dituzte, maiatzetik urrira bitartean, hilabetero bat. Lehenbizikoa maiatzaren 26an burutu zuten, Lizarrietan (Didier Zago eta Adele Kerbaol izan ziren garaileak); gaurkoa bigarrena izanen da, Urdazubin hasita Otsondo gainera bitartean, 8.56 kilometro eta 475 metroko desnibelarekin; hurrengo hitzordua uztailaren 28an izanen da, Baigorritik Izpegi igoko dute; abuztuaren 24an Luzaidetik Ibañetarainoko igoera burutuko dute eta irailaren 28an Larraineko mendatea, Larraine herritik. Buka-tzeko, final handia jokatuko dena, urriaren 19an, Ibardin igoko dute, Urruñatik.

kirola eta elkartasuna Iaz Urruñako Elkartasun Taldeak Ibardinen antolatutako kronoigoeran du jatorria aurten antolatutako Nafar Erresumako kronoeskaladak ekimenak. Presoekiko elkartasuna kirolarekin uztartzeko asmoz sortua. Aurten 6 proba antolatu dituzte, kirola egin bidenabar, presoekiko elkartasuna eta Nafarroako historia ezagutarazteko helburuz. Izan ere, proba bakoitzaren gizonezko eta emakumezko irabazleak koroatzen dituzte, igoera bakoitzean Nafarroako errege-erregin desberdin batzuen izendapenarekin. Gaurkoan Joana I.a eta Antso III.a koroatuko dituzte. Parte hartu nahi duenak gaur berean eman dezake izena. Gainerako probetarako, kronoeskaladak.net webgunearen bidez egin daiteke. - F.A.G.