ainhoa - Bihar hasiko da Ainhoan aurtengo Euskal Selekzioaren aldeko mendi martxa. Euskal selekzioak martxan, garena garelako, ofizialtasuna! goiburupean iraganen da hemeretzigarren edizioa beteko duen martxa. Bihar hasi eta abuztauren 10era arte, Usurbilen bukatuko den arte, zortzi etapa izanen ditu ibilaldiak. Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxak 2000. urtean ekin zion ESAITen babespean bere ibilbideari. Ordutik urtero urtero leial izan da bere zitari. ESAITen desagerpenaren ondoren, Mendi Martxako kideek ekimenarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. Helburu nagusia kirol arlo guztietan Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu eta nazioarteko txapelketa ofizialetan parte har-tzeko eskubidea defendatzea izaki.Aurtengo martxa Lapurdi, Behe Nafarroa, Nafarroa Garaia eta Gipuzkoan barrena ibiliko da. Ainhoa-Bidarrai, Bidarrai-Baigorri, Baigorri-Urepele, Urepele-Elizondo, Elizondo-Sunbilla, Sunbilla-Goizueta, Goizueta-Andoain eta Andoain-Usurbil izanen dira egunez eguneko hasi eta bukatzeko herriak. Izena emateko edota informazio gehiago jasotzeko, mendimartxa.eus webgunera jo daiteke. Asteartean ailegatuko da Elizondora. - F.A.G.