sara - Kontrabandisten eguna ospatuko da gaur Saran. Bertze behin ere, Sara Korrika elkarteak egun osoko egitaraua prestatu du gaurko. Goizean-goizetik sortzaileen merkatua izanen da bertan eta Estangatarrak trikitixarekin karrikaz-karrika ibiliko dira, giroa alaitzen. Horrez gain, pottoka gainean ibilaldiak egiteko aukera ere eskainiko dute. Eguerdian muxikoak dantzatuko dituzte eta arratsaldean, Larretxeatarren eskutik aizkora saioa izanen da 15.30ean, joaldunek ere beren joareak astinduko dituztelarik.

17.00etatik aitzinera ospatuko da Kontrabandisten Lasterketa ezaguna. Hasteko, Kontrabandista Ttiki Lasterketa, 2008 eta 2013 urte bitartean sortutakoendako, eta 18.00etan, berriz, helduen lasterketa.

Lasterkariek 8,4 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Sarako plazatik abiatuko dira eta 522 metrotara dagoen Zazpi Fago tontorra izanen da ibilbideko punturik altuena. Ohi bezala, lasterkariak galtza luze beltzekin eta kamiseta zuriarekin aterako dira eta lehenbiziko 1.500 metroetan gizonezkoek zortzi kiloko eta emakumezkoek lau kiloko zakua bizkarrean eraman beharko dute, Berako bidegurutzera bitartean, garai bateko kontrabandisten lana gogora ekarriz. Lasterketan Sara inguruko herrietakoek baino ezin dute parte hartu: Ainhoa, Azkaine, Baigorri, Ezpeleta, Donibane Garazi, Hendaia, Sara, Senpere, Urruña, Bera, Elizondo, Etxalar, Hondarribia, Irun, Lesaka, Urdazubi, Luzaide eta Zugarramurdiko bina korrikalarik bakarrik har dezakete parte lasterketa entzute-tsu honetan.

Sarako Kontrabandisten Lasterketak aurten 56. edizioa beteko du. Historiari eta estatistikei begira jarriz, aipatu, Fernando Etxegarai beratarra dela proba honetako dominatzaile nagusia, izan ere berak lortu du garaipen gehien, guztira zortzi aldiz irabazi du proba, eta horrez gain, berea da azkartasun errekorra ere, 2006. urtean ezarria, 38 minutu eta 36 segundotan osatu zuen ibilbidea beratarrak. - F.A.G.