elbete - Gaurtik astelehenera bitartean Elbeten Gurutze Sainduaren bestak opsatuko dituzte. Uda besta giroan agurtzeko baliatuko dute aunitzek, bai elbetearrek eta baita hurbiltzen diren guztiek ere, eta horretarako, herritarrek egitarau oparoa prestatu dute bortz egun eta gauez besta giroan murgiltzeko.

Aspaldiko ohiturari eutsiz, txopo goratzea izaten da besten bezpera eguneko ekitaldi nagusia, gaur gauerdian burutuko dutena. Halere, ai-tzinetik, arratsaldean hasiko da besta giroa sumatzen, 16.30ean frontoian abiatuko den mus txapelketarekin. Gero, 18.00etan botako dute bestetako lehenbiziko altxaferoa. Leherketa gehiago ere iragarriak daude, bertzelakoak, bonba japoniarrak izanen bait dituzte. Ttikienek ere txiki txopo goratzea izanen dute gero, ikasten hasteko, eta ondotik Franxixkoren eskutik dantzaldia izanen da. Ohikoa den bezala, Baztan-zopak dastatuko dituzte ilunabarrean, eta indarrak hartuta, txopo handia goratuko dute gero, gau Posadan burutuko den dantzaldiarekin bukatuz.

Bihar, goizean dianekin ira-tzarriko da herria eta 14.30ean paella jatea izanen da frontoian, honekin batera, postre lehiaketa ere. Segidan Grand Prix ikuskizuna burutuko dute, Tuku-Tuku Txarangak alaituta. 20.30ean La Jodedera musika taldearen kontzertua izanen da eta gero xingar jatea. Musika izanen da geroko protagonista, 22.00etan karaokearekin eta gauerditik aitzinera Kaiku’s Night taldearen emanaldiarekin.

Larunbatean, bertzeak-ber-tze, zikiro-jatea izanen da, igandean haurren eguna, eta astelehenean, Karrikatxarreko bazkaria. - F.A.G.