arizkun - Jo ala Jo elkarteak bi hamarkada inguru daramatza Arizkunen, garai bateko sagardogintza berreskuratu eta tradizioaren eta kulturaren inguruko ondarea zaintzen. Gamioxarrea dolaretxea berreskuratu zuten eta orduz geroztik, urtero sagardoa egiten dute bertan, garai batean bezala, garai bateko dolarean, garai bateko moduan. Duela mende batzuk gure arbasoek sagardoa egiten zuten modua denon eskura jartzen dute urtez-urte, azalpenekin eta lana eta kultura uztartzen dituen ospakizunarekin. 20 urtez aski errotu den Kirikoketa eguna antolatu izan dute eta jendetza hurbildu izan da Arizkunera, historia ezagutu eta ongi pasatzera.

Aurten, dena den, aldaketa bat izan da. Orain arte, erran bezala, Kirikoketa besta antolatu izan dute, an-tzezpen baten bidez, sagarrak dolarera eraman, dolarean zanpatu eta zukua atera ondotik kupeleratuz. Egun bateko besta giroan egiten zen dena, baina aurten, Kirikoketa bestaren ordez, Larrazken kulturala izeneko zikloa antolatu dute.

Jo al Jo taldeko kide Ixiar Torresek dionez, “Larrazken kulturalak Kirikoeta bestaren funtsa mantenduko du, funtzio eta balio berberak beteko ditu: auzolana edota landa eremuko kultur espresioen hedapena; baina elkar saretzean eta harreman lasaiean, dolareko lanetan eta ekarpen agroekologikoan pixka bat gehiago sakonduz”.

Horretarako, lehen egun bakarrean ikusgai jartzen zen prozesua luzatuko dute aurten eta honela jendeari lasaiago eta sakonago ikusi eta ikasteko aukera eman nahi diote. Aste honetan hasi dira Larrazken kulturalarekin.

Egun hauetan, gaur arte, sagardiaren zainketa eta sagar biltze prozesuan murgilduak daude. Aurten sagar urtea da eta 3.000 kilo inguru sagar bilduko dutela uste dute. “Kopuru ederra litzateke” Torresen erranetan. Gainera, Gamioxarreko dolareak 1.500 kiloko edukiera duenez, ongi datorkie bi sagar-jotze egiteko, hala eginen baitute. Hain zuzen ere, asteburuan (ortziraletik igandera) eginen dute lehenbiziko sagar-jotze, estutze eta kupelaratzea. Gero, astelehen eta asteartean dolaretxeko lanak burutuko dituzte, eta urriaren 18 eta 19an eginen dute bigarren txanda, sagar-jotze, estutze eta kupeleratzea, alegia.

Sagardoa egiteko prozesu hau hurbiletik ezagutu nahi duenak eta laguntza eskaini nahi duenak lehenagotik jakinarazi beharko du, 670 720 913 telefonora deituz edo sms mezu bat idatziz edo joalajo@gmail.com helbidera mezua igorriz.

Gaurtik urriaren 15era. Sagardiaren zainketa lanak eta sagar bilketa burutzen ari dira orain. Bihar, etzi eta igandean lehenbiziko sagar-jotze, estutze eta kupeleratzea burutuko dute. Urriak 17. Gamioxarrean, 19.00etan, sagar dastaketa ikastaroa, Gabriel Durruty, Eztigar kooperatibako kidearen eskutik.

Urriak 18. 17.00etatik 20.00etara, sagar-jotze, estutze eta kupeleratzea. Lanetik musikara, prozesu guztiaren inguruko azalpenak.

Urriak 19. 12.00etatik aitzinera Arizkungo plazan, kirikoketa jotzea eta Baztango jauziak.