aniz - Parte hartze zabalarekin eta giro bikainarekin iragan da aurtengo Anizko asteburu kulturala. Bertze behin ere Anizko herriak erakutsi du biztanle kopuru ttipia izanagatik, antolaketa eta parte hartzearekin, gauza handiak egin daitezkeela. Ortziral eta larunbatean burutu duten asteburu kulturalean ekitaldi anitz izan dituzte. Ortziralean Aitor eta Maiderren erranetara hamarnaka lagunek parte hartu zuten pizza tailerrean, gero haurrek azaldutako joko batekin ederki pasa zuten, eta jostetaren ondotik, Jaione akordeoilariarekin Lau teilatu kantatu zuten haurren kontrako minbiziaren baitan EITB egiten ari den maratoira igortzeko. Eguna borobiltzeko, tailerrean prestaturiko pizzak jan zituzten.

Larunbatean, iaz hasitako bidetik, Anizko paraje desberdinak bisitatu eta izendatu zituzten, haiei buruzko azalpenak jasotzeaz gain. Arratsaldean, berriz, ginkana ikusgarri batekin gozatu zuten eta ilunabarrean, afaria izan zuten, Joxe Ramon Aldasorok txiste, kontu eta pasadizo irrigarriak kontatu zituelarik afalondoan, asteburu alai eta zoragarria borobilduz. - F.A.G.