Pasa den ilbeltzaren 14an Erik Spitz, Pirineo Atlantikoetako Prefektuaren aginduz, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko 8 pasabide hetsi zituen, “terrorismoaren aurkako borroka indartzeko” argudiopean, tartean eskualdeko lau, Lizuniaga, Lizarieta, Berrueten benta eta Izpegi. Spitzek erran zuen arabera otsail bukaera baino lehen ez zituztela pasabideak irekiko, eta martxoko lehenbiziko astea igarota, hetsta jarraitzen dute. Hori dela eta, EH Bai eta EH Bilduk pasabideak noiz irekiko dituzten galdegin dute ohar baten bidez.

Azken asteetan ugariak izan dira pasbideak irekitzearen alde egindako mobilizazioak. Hendaia eta Hondarribia lotzen dituen itsasoko nabeta, Hendaiako merkantzia zubia, Lizuniagako lepoa (Sara-Bera), Lizarietako lepoa (Sara-Etxalar), Berrueten bentako pasabidea (Sara-Zugarramurdi), Izpegiko lepoa (Erratzu-Baigorri), Aldudeko ibarrekoa eta Iturzaetako lepoa (Larraine-Abodi) dira hetsita dauden pasabideak. EH Baik eta EH Bilduk ere aunitzetan eskatu dute irekitzeko, eta aste honetan, martxoan sartuta, pasabideak hetsiak segitzen dutela ikusita, berriz galdetu dute erabakia indarrean noiz arte egonen den.

Hedatutak oharrean diotenez, “erabakia lehen momentutik onartezintzat” jo dutela nabarmendu dute, “nazio eta herri bezala bizitzeko eskubidea urratu zigutelako”. Terrorismoaren aurkako borroka indartzeko argudioa “aitzakia” dela diote. Gaineratu dutenez, “dekretua otsail bukaera arte indarrean egonen zela adierazi ziguten. Martxoko lehenaste honetan, delako muga bide horiek noiz arte itxiak egonen diren ez dakigu”. Horren harira, “noiz arte ukatuko diguzue gure herrian libreki ibiltzeko eskubidea?” galdegin dute. Gehiago ere bai: “noiz arte neurriz kanpoko presentzia poliziala eta giro sekuritario hau?”.

EH Bai eta EH Bilduren hitzetan, “terrorismoari aurre egiteko neurriak hartzen direla erratean, orain arte indarrean jarriak izan diren eta euskal militante politikoak gogorki kolpatzeko erabili dituzten neurriak heldu zaizkigu gogora. Azkena, separatismoaren aurkako legea”. Neurrien gibelean, “manipulazio politiko hutsa bertzerik ez dagoela” uste dute. Hala, “Euskal Herrian mugarik ez dagoela berretsi” nahi izan dute eta “Frantziako eta Espainiako estatuei gure herrian libreki bizitzeko eta ibiltzeko dugun eskubidea errespetatzeko” exijitu diete: “ez dugu onartzen Euskal Herritik kanpo hartuak diren erabakiak inposatzea”.