Pasa den ortziralean Elizondoko herriak batzarra burutu zuen Arizkunenea kultur etxeko sabaian. Ez ohiko egoeran egonik, ez ohiko lekuan egin zen batzarra, herriko etxean segurtasun distantzia mantentzea ezinezkoa suertatuko zelakoan. 25 lagun inguruk hartu zuten parte batzarrean, eta gai ordeneko puntuen artean, auzolanaren ingurukoa aipatu behar. Batzarraren gehiengo handi batek hala erabakita, hemendik aitzinera herriak deitutako auzolanetan parte hartzen duten herritarrek ez dute urtero elizondarrei kobratzen zaien urteko kuotarik kobratuko. Bertzeak bertze, bestak antolatzeko eta herrian egin beharreko lanak ordaintzeko erabiltzen da elizondarrei kobratzen zaien urteroko kuota, eta hemendik aitzinera, auzolanetan parte hartzen dutenak salbuetsiak egonen dira kuota ordaintzeaz.

Batzarrean ere Santio bestak hizpide izan zituzten. Herriak argi utzi zuen ez dela ohiko bestarik izanen aurten ere, baina Santioak ospatu ohi diren egunetan hainbat ekitaldi kultural antolatuko direla jakinarazi zen, batez ere herriko jendeari zuzenduak. Antolatutako ekitaldi kulturalean artean kontzertuak eta bertso saioak izanen dira herritarrendako. Iriarte pilotalekuan izanen dira, indarrean dauden segurtasun neurriak kontuan hartuz. Eserita ikusi edota entzuteko ekitaldiak, jendearen arteko beharrezko distantzia kontuan hartuz eta maskararen erabilera nahitaezkoa izanik. Horrez gain, ezin izanen da ez jan eta ezta edan ere.

Bertzalde, uztailaren 30etik aitzinera, bestetan izaten diren barrakek ere Elizondo bisitatuko dute, hauek ere ez ohiko moduan. Laxoa plazan kokatuko dira barrakak, sarbide eta irteera puntu bakarra izanen da, edukiera mugatua egonen da eta maskara nahitaezkoa izanen da.