Ortzeguna, azaroaren 25a, Emakumeen aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Horren harira, urtero bezala, Baztanen ere ekimen desberdinak eginen dira egun horren aldarrikapen gisa. Indarkeria bakarra, hamaika modu lelopean ekitaldi desberdinak antolatu dira eta antolaketan ere eragile desberdinek parte hartu dute, Baztango Udaleko Berdintasun Batzordea, Burrunba Moreak, Baztango Udaleko Kultura Batzordeak eta Baztango Euskara batzordeak, Euskarabidearekin batera.

Egun nagusia ortzeguna izanagatik, aitzinetik abiatu dira ekitaldiak. Pasa den azaroaren 4an, errate baterako, Baztango Udaleko Berdintasun Zerbitzuak eta Talde Feministak antolatua, trans pertsonen prozesu anitzak izan zituzten hizpide. Aitzole Araneta, Brayan Altimasberes eta Mireia Delgadoren eskutik eta Aintzane Ariztegik dinamizatua. Pertsona transexualen eta transgeneroen egungo egoera aztertu zuten mahai-inguruan, hainbat ikuspuntu eta errealitatetatik begiratuta, denon begirada zorrozteko helburuarekin.

Bertzalde, igande honetan, Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean Esnatu naiz kabaretaz gozatzeko aukera zian zuten bertaratutako hamarnaka lagunek. Antzerkia, dantza eta musika uztartzen dituen ikuskizuna eskaini zuen Andoni Mutiloak, bertzeak bertze, identitatea, giza harremanak eta sexualitatea ditu hizpide, baina batez ere, gure nortasunarekin bat egin eta aske bizitzeko gonbitea egiten du. Iruritara hurbildutakoen artean galderak ere sorrarazi zituen, errate baterako, gure nortasuna eta gure bizimodua bat al datoz? Edo bertze modu batera erranez, gure nahiek, beharrek, ametsek eta desioek zer leku dute gure egunerokoan?

Aitzinera begira, ortzegunean bertzelako ekimenak ere burutuko dira. Batetik, azken urteetan egin ohi den bezala, indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzea eginen dute 12.00etan Elizondoko Foruen plazan. Berdintasun Batzordeak antolatutako elkarretaratzean parte hartzera animatu nahi dituzte herritar guztiak.

Ez da eguneko mobilizazio bakarra izanen, arratsaldean ere izanen da bertze bat, eragile feministek antolatuta. Kasu honetan, hitzordua 19.00etan izanen da., hau ere plazan. Gainera, egun horretan Lekarozko institutuan gazteak sentsibilizatzeko eta berdintasunari buruz kontzientziatzeko ekintzak eginen dituzte, Burrunba Morea taldearen eskutik.

Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren harira antolatutako ekitaldiekin bukatzeko, azaroaren 26an, ortziralean, 19.00etan, bertze antzezlan batekin gozatzeko eta hausnartzeko aukera izanen da. Hau ere Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean, 19.00etan. Sarrera doan dela, Bi ero diskotekan komediazko antzerki ikuskizuna emanen dute, Euskarabideak eta Baztango Euskara Zerbitzuak antolatua.

Denek parte hartzeko deia luzatu dute.