Astelehenean, azaroaren 22an, Santa Zezilia eguna ospatu zuten musikariek, eta errate baterako Baztango Tuku-tuku txaranga Elizondoko karriketan barrena ibili zen bere doinuekin musikarien zaindariaren eguna ospatzen. Asteartean, berriz, Baztan Musika Eskolako ikasle eta irakasleen txanda izan zen. Nahiz eta hasierako asmoa herriko karriketan barrena kalejira bat egitea izan, eguraldiak oztopatu egin zuen, eta azkenean Iriarte pilotalekuan eskaini zuten emanaldia, bertaratu ziren hamarnaka lagunen gozamenerako. Kantuan aritzeaz gain, musika tresna desberdinekin emandako kantuek kaleko giro hotza berotzea lortu zuten, berendu batekin eguna borobilduz.