Txalaparta argitaletxeak eta Iratzar Fundazioak enkargua egin ziotenetik bederatzi hilabetera erditu du Nora Salbotxek Askatu edo moztu liburua. Euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak aztertzen ditu elizondarrak.

Hezkuntza munduan murgilduta bizi da Salbotx, eta azken urte luzeetan hitzaldi eta artikulu anitz eman eta idatzitakoa da, beraz, erran daiteke ez dela soilik 9 hilabeteko lana, aspalditik lantzen ari den gaiaren bilduma moduko bat baizik.

Salbotxek euskal komunitateari egindako ekarpen trinkoa da liburua, eta hezkuntzari loturiko saiakera izanagatik, edonork erraz irakurtzeko eta ulertzeko modukoa, aski kritika ona izan duena, eta arrakasta handia izaten ari dena.

Iradokitzailea den izenburuak azaltzen duen bezala, hezkuntzaren inguruko korapiloa askatzeko helburuz idatzitako liburua da, ikuspuntu feministatik.

Iraganeko erreferentziak, gaur egunekoak, eta etorkizunera begirako erronkak barnebiltzen ditu 100 orrialde eskaseko saiakera mamitsuak.

NORA SALBOTX Haur Hezkuntzan eta Psikopedagogian graduatua da, Landa Eremuko Hezkuntzan aditua eta Hezkuntza eta Komunikazioan masterra egina du. Mondragon Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakasle aritutakoa, gaur egun Amaiurko eskolako zuzendaritzan eta Baztango Herrietako Eskoletako koordinazioan dabil. Hik Hasiko, Herri Hezitzaileen sareko, Eusko Ikaskuntzaren hezkuntza lantaldeko eta Plaza Hutsako kide. Bertze hainbat elkarte eta eragilerekin kolaboratzen du hezkuntza aferetan. Irakasleen formakuntzan aritzen da hizkuntza idatziaren didaktika eta landa eremuko hezkuntzaren ildoak jorratuz.