Apirilaren 14tik 17ra eginen du aurten Ernai Gazte Antolakundeak Gazte Martxa. Zugarramurdin hasiko da eta Erratzun lehenbiziko geldialdia egin ondotik, Elizondora hurbilduko dira gero, bertan, ortzirale eta larunbatean egitarau politiko eta musikala garatuz. Hitzaldiek, tailerrek eta aisialdi eskaintzak osatuko dute egitarau zabala.

Duela aste batzuk aurkeztu zuen Ernaik aurtengo egitasmoa, BostEHun eta zutik! lelopean eginen dena. Amaiurko gazteluaren setioaren bostehungarren urteurrenari keinua eginez, zutik dagoen herria eta zutik dagoen gazteria badela aldarrikatuko dute.

Orain, gazte martxa eta musika jaialdia uztartuko dituen formatua izanen duen ekimenean parte hartuko duten musika taldeen berri eman du, ekimenean parte hartzeko sarrerak salgai jartzearekin batera.

Guztira 28 musika taldek joko dute Elizondon: Streetwise, Nikotina, McOnak, Perlata, Willis Drummond, Crim, Tremenda Jauria, Skakeitan, Xiberoots, Kaleko Urdangak, Liher, Rukula, La Furia, Yare Collective, Aiaraldeko Sound System, Ibil Bedi, Sua, Tribade, Iruñerria Jamaica Clash, Pleura, Marta & Herbass, Romea, Silitia, Dupla, DJ Reimy, XSakara, Skabidean eta Iheskide.

Ekimen osorako sarrerak salgai daude dagoeneko, prezio berezian. Momentuz, 35 euroren truke eskuratu ahal izanen dira bibe.me plataforman zein hainbat salmenta-puntutan (Gasteizeko Garraxi tabernan, Donostiako Herria tabernan, Bilboko Errondabide eta Kirruli tabernetan, Iruñeko Herriko, Aitzina eta Monton tabernetan, Lesakako Arrano ostatuan, Erratzuko Zubi Punta osatuan eta Elizondoko Intza ostatuan). Egitarau politikoa zabaltzearekin batera jarriko dituzte eguneko sarrerak eskuragarri.