Orakunde egunaren biharamunean, ortzirale honetan, inauteriek jarraipena izan zuten Elizondon. Goizean goiz hamarnaka gaztek puske biltzeari ekin zioten. Arratsaldean, berriz, ohikoa den bezala, Baztan Ikastola Udal Eskola Publikoko eta Elizondoko Eskola Publikoko ikasle irakasle eta gurasoek mozorroen desfilea egin zuten herriko karriketan barna. Aurten ezberdin, izan ere, ez da taldekako mozorro eta koreografiarik egin, azken orduan erabaki baitzen inauteriak ospatzea. Horren ordez, bi karroza egin zituzten eta musika lagun, bakoitzak nahi zuen mozorroa jantzita egin zuten kalejira. Plazan bukatu zen, txokolatada goxo batekin. Ilunabarrean, berriz, hamarnaka lagunek parte hartu zuten danborradan.