Nafarroa Berriz Altxa ekimenak besta eta aldarrikapena uztartuko dituen egun bat antolatu du ekainaren 5erako: Amaiurraldia.

Uztailan 500 urte beteko dira Amaiurko gazteluan izandako guduaz, eta urteurren horren harira antolatu dute ekaineko ekimena.

Ekimenaren berri emateko pasa den larunbat eguerdian Baztango eragile desberdinak ordezkatzen dituzten 40 lagun inguru elkartu ziren Amaiurko gazteluan Nafarroako banderak eskuan, baita hainbat ikurrina ere. Hainbat argazki atera ondotik, Amaiurko frontoira joan ziren eta han Amagoia Susperregik eta Joseba Compainsek Amaiurraldiari buruzko xehetasunak eman zituzten.

Azaldu zutenez, ekitaldi hauek "bailara honetan gauzak egiten diren moduan antolatu dira, auzolanean, bertako bizilagun eta herri mugimenduekin elkarlan bat lortuz".

Nafarroako subiranista eta independentistentzat, 2022a gorriz markatuta dagoela gogora ekarri zuten, "Amaiurko urtemuga honekin ziklo historiko bat ixten da, 1512. urteko konkista odoltsu hartatik 9 urtetara, Nafarroako Erreinua berreskuratzeko hirugarren saiakerarena. Duela 500 urte zelai hauetan Nafarroaren independentzia defendatu zuten emakume eta gizonei betiko argia".

Bere garaian arbasoek garbi utzi omen zuten frantsesak eta espainolak ez izateko erabakia, bi estatuen arteko gatazka militarraren aitzinean neutralak eta burujabeak zirela aldarrikatuz. Beraien borondatea lurperatua, eta gure etorkizuna Espainiako erreinura kateatua gelditu zela. Orain, "beraiengatik eta guregatik, Nafarroa eta gainontzeko Euskal Herritar subiranistentzat aldarrikapen eta besta egun bat antolatu dugu Baztanen. Oroitzapena baina baita ere gaurkotasun handiko aldarrikapen egun bat: non eta nork hartzen dituen gure egunerokotasunean eragiten duten erabakiak".

Erabaki horiek zer egin eta nola baldintzatzen omen dute, izan ere, "lan-harreman markoa edo gure aurrekontuek duten gastu-sabaia erabaki nahi dute gure ordez. Madrilen edo Bruselan hartzen dituzten erabaki hauek, osasun, hezkuntza edo kultura mota bat inposatzen digute. Hemen libreki hartzen ez ditugun erabakiek, Nafarrek krisi ezberdinei ematen diegun erantzunak baldintzatzen dituzte: krisi klimatikoa, elikadura, energia edo migrazio krisiari adibidez".

Gaur egun subiranoa ez izateak erran nahi omen du ere, "nafarrak gainontzeko euskal lurralde eta estatuko bertze lurraldeekin harremanak izateko eredu batera kondenatuta gaudela, eta eredu hori subiranistak, zalantzan jarri, eta horren inguruan ere erabaki ahal izatea aldarrikatzen dugu".

Horregatik, XXI mende honetan subiranista edo independentista izatea "behar bat da". Bide horretan, "gure arbasoei egin diezaiekegun omenaldirik onena da errepublika aske eta burujabe batera eramanen gaituen burujabetza prozesu bat eraikitzea, non dena erabaki ahal izanen dugun" eta bide horretan, Nafarroa Berriz Altxa ekimenaren ekarpena, ekainaren 5ean ospatuko duten Amaiurraldia izanen da.