Nafarroako Sarerekin bat eginez, larunbat honetan, azaroaren 21ean, 17:00etan manifestazioa antolatu dute Lesakako Plaza Zaharretik abiatuta. Bidea gara, bidean gaude goiburua erabiliko dute, Sare Herritarra plataformaren Izan Bidea dinamikarekin baitan. Baztan-Bidasoaldeko herritarrei egin diete Lesakako hitzordura joateko deia, “bidearen parte izan nahi duten guztiei”, hain zuzen.

Hori baino lehen, goizean, 10:00etatik 13:00etara patioan bueltan jarduera antolatu dute Lesakan, kartzelako eguneroko erronka irudikatuz herritarrek presoek kartzeletan jasaten duten egoera irudikatzeko.

Sare Herritarrak herriz herri eta auzoz auzo mobilizazioak antolatuko ditu asteburu honetan, eta helburua “herritarren aktibazioa piztu, preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jarri eta elkarbizitzaren eta bakearen aldeko urratsak ematea” izanen da. Horregatik, “elkarbizitzaren alde pausuak eman nahi dituzte herritar guztiei, preso eta iheslarien auzia konpondu eta salbuespen legedia amaitzearen alde antolatuko diren ekimen hauetan parte hartzeko” deia luzatu diete. “Herriz herri, auzoz auzo, bidea gara eta bidean gaude”, diote beraien oharrean

Izan Bidea dinamikaren baitan uztailaren 25ean Olazarko itzulia egin zuten lesakarrek, “Igor, Mattin, Mikel eta Ibon etxeratzeko bidean”.