legasa - Txirrita eta legasar bat akusatuen aulkira eraman zituzten 1916an, Malerrekan eta Bertizaranan zabaldu ziren bertso batzuk tarteko. Horren inguruko ikerketa lan mardula egin du Mikel Taberna alkaiagarrak, eta Bertsolari aldizkariaren udako zenbakian argitaratu dute.

Txirrita epaileen jomugan (Legasa 1913 - Iruñea 1916). Izenburu horixe duen ikerketa egin du Mikel Taberna Irazoki alkaiagarrak, eta Bertsolari aldizkariaren uda honetako zenbakian argitaratu dute. Ehun urte baino gehiago dituzten kontuak dira, baina dudarik gabe bere garaian zalaparta haundia eragin zutenak, epategian akitzeraino.

Tabernak ustekabean egin zuen gaiarekin topo: “ez zen hau landu nahi genuena, bertze zerbait genuen burutan”. 2015eko azaroa zen Diario de Navarra egunkariko hemerotekan begira zebilenean: “amautxi Margaritaren anaiaren gaineko datuak bilatzen ari nintzen” baina bere sorpresarako “zerbait berezia eta harrigarria” aurkitu zuen 1916ko urriaren azken eguneko egunkariaren hirugarren orrialdean; Txirrita bertsolaria eta Tomas Alcaine legasarra akusatuen aulkian jarrarazi zituen auzia.

Alcainek eskatuta,Txirritak hamalau bertso idatzi zituen Legasako orduko alkatea zen Eusebio Babazeren kontra, eta bertso-paperak Donezteben saldu ziren, 1915eko bestetan. Egunkariko kazetariak [pezetaren] “hamar zentimotan saldu zituztela eta jendeak ´aski gustura” erosi zituela adierazi zuen. Tabernaren arabera, “bertsoen jomuga zen gizonak, sumindurik, auzitara eraman zituen Txirrita eta Alcaine”. Bakoitzari bi delitu egozten zizkion akusazioak: irainak eta kalumniak. Epaiketaren sententzia 1916ko azaroaren 6an atera zen eta horri buruzko berria handik guttira argitaratu zuen egunkari berak, azaroaren 10ean. “Kalumnia egitetik absolbitu zituzten, baina irainengatik kondena paratu zieten bi akusatuei, biei berdin: deserriratze pena, 250 pezetako isuna, eta prozesuko kostuaren erdia erdibana ordaindu beharra”, dio Tabernak.

Legasarrak Iruñeko Epaitegiko epaia Auzitegi Gorenean errekurritu zuen. Gorenak, ordea, Iruñeko epaia berretsi eta ez zion arrazoirik eman. Txirritarekin ezin izan zuten gauzatu epaia, ez zutelako harrapatu”. Gerora, 1918ko maiatzaren 21ean emandako autoan bi akusatuak kaudimengabeak zirela ebatzi zen eta ezin ziotela erantzun diru-ondasunen bidez epaiak eskatzen zienari. Horren partez, deserriratze pena handitu zieten.

Tabernaren ikerketan ageri denez, 1913ko abuztuaren 3ko arratsean, Babaze alkatea etxean zela, kanpoan oihu batzuk adituta leihora atera zen. Tomas Alcaine eta Fran-tzisko Mendiola ikusi zituen, eta Pedro Hualderen boza ere aditu omen zuen. Handik guttira, eztanda handi bat sumatu zuen etxe parean. Biharamunean, bezperan norbaitek dinamita edo gisako zerbait leherrarazi ziela, eta Sunbillako guardia zibilen kuartelean salaketa paratu zuen. Herriko hiru lagun salatu zituen: Tomas Alcaine, Pedro Hualde eta Frantzisko Mendiola. Auziak bere bidea egin zuela dio Tabernak, baina epaileak kasua itxi egin zuen epaiketarik egin gabe, ez zelako jakiten ahal nor izan ziren dinamita paratu zutenak. Auzia zigorrik gabe geldituagatik, ez zen hor akitu tirabira, alkatearen kontra bertsoak eskatzeak are ondorio handiagoa ekarri baitzion Alcaineri.

Han eta hemen bila eta galdeka ibili bada ere, Tabernak ezin izan ditu jatorrizko euskarazko bertsoak aurkitu. Gaztelaniazko bertsioak eskura ditu, 1916ko azaroaren 6ko epai hartatik bilduak, eta horietatik abiatuta, Miren Ibarluzea bertsolari eta itzultzaileak euskarara ekarri ditu bertsoak.