ehengoan, jota-kantu baten garrasia iritsi zen etxe barneraino. Balkoira atera orduko, auzokideak ere aurpegiz galdezka, nondik ote zetorren harrabots hura. San Lorentzo elizako dorretik omen, bertako apezaren enegarren ekimena bere burua nabarmentzeko. Egunero, arratsaldeko seietan. Gero, iluntzeko zortzietan, txaloak; gehiago edo gutxiago, baina badakigu zeren aldekoak diren. Dena den, halako batean, destenorez txalo gutxi batzuk entzuten direnean, ezin jakin noren edo zeren aldekoak diren. Tarteka, bonbardino baten soinu zalantzatia; ikasle bat, doike, baina egunetik egunera, poliki ari da hobetzen. Bitartean, gaitza gero eta hurbilago, balkoitik balkoira aditzen denez. Erran nahi baita, inguruko gero eta ezagun gehiago, birusak jota. Zenbaitek sukarraren handia nabarmentzen dute; bertze batzuek, berriz, etengabeko eztul idor ergela, eta bada ia ohartu gabe ere pasa duenik. Familia osoak ere jo izan ditu: ama, aita eta bi seme-alabak. Jakina, janaria erostera ere ezin jaitsi karrikara, eta kanpoko laguntza behar. Gaixo ez egon arren, haur eta guraso aunitzentzat ere etxealdia sufrikario hutsa da; horra balkoilarien kexua. Izan ere, eskola birtuala ez omen da batere samurra gertatzen ari, gogorra baizik. Gurasoa erne ez badago, haur batzuek ez diote jaramon zipitzik egiten ordenagailuari, eta sekulako lana eginarazten zaie. Balkoi solasetan ere, gaitzaren hedapen gero eta handiagoa izaten da hizpide. Iduri luke gaitza metropoli eta hiri handietako afera dela, baina noranahi zabaldu da; baita errepide nagusitik urrun diren herri ttipietara ere, Nafarroako azken zoko-mokoraino. Balkoilari aunitz, nola ez, herrietakoak baitira, jatorriz. Balkoia, gutako bakoitzaren talaia berria, atsotitz berritu batek ederki erakusten duen bezala: "Dagoenean, bonbon; ez dagoenean, balkon".