txealdiaren hasieran, haize firfirak eri gutxi batzuen berri ekartzen zuen etxe barneraino. Gero, ordea, egunen joan-etorrian, bat-batean, gaixo ezagunen kopurua handitzen joan zen; harako hura, horko hori, honako hau. Gazte, ez horren gazte, adin erdiko, adineko. Gizon nahiz emakume. Denetarik. Heriotzak, artean ere, zenbaki hutsak ziren, zerrenda hutsak, hildakoen kopurua neurri gabe emendatzen ari zela begi-bistakoa izanik ere, egunkarietako eskela kopuruari erreparatze hutsarekin. Baina halako batean, aste honetan, heriotzak bidea egin, bere so zorrotza erakutsi eta gogor jo du gure hurbileko etxe bat edo bertze, karrika atsekabez beterik utzirik. Horrelako ataka gaiztoan, dolua bakarraldian bizi beharrak are mingarriagoa egiten du unearen samina. Antzeko oihartzun goibela iristen da inguruko karriketatik. Gainera, ez dira gutxi eri larriak eta, are, hiletsian daudenak. Ez da harritzekoa etxealdia edo itxialdia etsialdi bihurtzea zenbaitentzat. Jakinik ere ez dela bihotz kontsolagarria, bizitzak ere bere bidea egin du apiril hasiera honetan, hostatu egin baitira balkoitik urrunxko ikusten diren bi zuhaitz bakarrak. Irudimenez dakuskigu, gainera, Iruñerriko koltza-soroen horia, garien berde mina eta garagar burutu berriak. Badakigu, aurten, are zainzuri-alor gehiago izanen direla Iruñerrian, buru-belarri ari baitira egunotan zainzuria landatzen, baita hiriburuarekin mugakide diren lursailetan ere. Ez dira inola ere eten egin Magdalenako baratze-lanak, ez zaie bazkarik falta inguru hartako oilo kalakariei, ez belar oparorik Goñi etxeko zaldi eta behor jostariei. Galdera da noiz ikusiko ote dugun geure begiz hori guztia, dagoenekoz bide erdia egin ote dugun edota, kontrara, iparraldeko harresira joateko aukera dugunerako, galsoroak horailduak ote dauden.