txialdiko karrikatik atera, eta hara, Navas de Tolosako obra luzeak, ia bukaturik. Txirrindulari eta oinezko franko harat-honat goizeko zortziak aldean. Epelkara. Goibel. Hezetasun handia, gaueko eta aste osoko euri oparoaren ondorioz. Aduanako Zokoan, hala ere, belardia ureztatzeko txorrotak, zabal-zabalik. Dena putzutua. Arazuri doktorearen estatua ere zipatua. San Lorentzoko eliz ataria ere zabal-zabalik. Ezkontzarik ez, ordea. Ezkontzak lehenago iritsiko dira ezteiak baino. Baratxuri plazako karrikoa, berriz, itxita. Takonerako mugan, jende emari handiagoa. Nor bere bidean eta garraiobidean. Txirrindulaz, patinetez, oinez (galaktikoak esku banatan) nahiz lasterka. Lasterka? Bai zera! Trosta ttikian, motel, arrunt motel. Jendea, oro har, gizenago ote? Laino itsurik ez, baina jende oro lainopean. Larrekoren 1918ko hitzak gogoan: "Izugarrizko gaitz tzar honek zoko guztiak bete ditu, laño beltz baten pare". Maskarek mamu-hiriaren itxura areagotzen dute. Aldapa jaitsi, portale berria igaro, eta hamaika pauso hots heldu da Arga bazterretik. Zuhaizti eder guztia, hostaturik. Plazaolako zubia, jendetsu samar. Kosterapeko skate parkean, bizikletak jauzika. Handik hurbil, adinez oso aurrera doan gizon bat korrika txikian, baina ez kirol arropetan. Ezin jakin zer daraman buruan, Aste Santuko mozorro-txanoa edo burka gisako bat. Biurdana aldera harturik, Arga bitarteko zelai zabaletan, ez hainbertze "kirolari". Txakurrak, ordea, nonahi. Eta txakur-jabeak ere bai. Lehen belardia ederki moztua, soropil goxoa. Bigarrena, berriz, arras sasitua, oihandua. Naturaren bizitasuna agerian. Itzulbidean, aunitzez ere jende gehiago, Takonerako harresietan, batez ere. Ez da mendirik ikusten, ezta hiriburuko mendixka bera ere, Ezkaba Txiki, alegia. Etxean sartu bezain laster, ordea, eguzkia indarrez hasi da lainoa urratzen.