afarroa Oinez eguneko garai bateko ibilbidea bezalatsu. Horrelaxe egon dira Magdalenako zubiaren inguruak aste honetan, pare bat egunez, ilunabarrean, hego-haizearen ufadak ekarritako sargoriaren ondorioz; jendez mukuru, alegia. Hori bai, bozgorailurik gabe eta musikarik gabe. Ikusteko modukoa izan da nola saiatzen ziren txirrindulariak jende artean sigi-saga egiten, oinezkoak saihestu nahian. Jendea montioka plazaratzearekin batera, bukatu egin da bat-batean txakur-jabeen paradisua, hau da, hiriko belardietan txakurrak laxorik eramateko izan duten erabateko askatasuna, txakur gabeok etxealdian kateaturik egon garen bitartean. Kexu omen dabiltza. Tira, ez da seinale txarra. Gauzak errotik aldatzen hasi baitira aste eguzkitsu honetan. Konparaziora, aitzurrak lan betean Arantzadiko baratze txikietan, ildo-bizkarrak lerro-lerro txukun marrazturik lur emankorrean, tomate-haziak noiz jasoko zain. Azken orduotan, mugimendu handia ere Gazteluko Plazako terraza zabaletan, dena desinfektatzen, garbitzen eta prestatzen, bihar goiz-goizetik lehen bezeroak hartzeko. Eta bihartik aitzina, iduri du ez dela oztoporik izanen hiriburuko mugez harata autoz, oinez nahiz txirrindulaz jotzeko (argituko ahal dute ordutegia), eta are, mendira joateko ere, aste osoa Iruñeko mugen barnean ibili ondoren, muga urraketa franko egin badira ere. Izan da Arturo Campion IKAko euskaltegiak urtero ekainean antolatu ohi duen Iruñeko mugetan barnako ibilaldia egiten saiatu denik, eta hara non, goldaturik topatu du bide puska bat, ia dena galsoro bihurturik eta ia ezin pasaturik; han, Donapea inguruan, hiriaren hegoaldean. Bitartean, Iruñerriko zendea eta ibarretako udaletxeetan dei franko hasi dira jasotzen aste honetan, lur eraikigarririk ote dagoen galdezka, etorkizunean gisako itxialdiak maiztuko ote diren beldurraren seinale.