ozorro ilara luzearen ordez, kantari bat agertu zen, rock printzak ahoan, Estafetako bihurgunean, herenegun arratsaldez, noiz eta Ortziral Saindu egunean, non eta Iruñean. To eta no! Horra Aste Santu honetako irudietako bat. Bertze bat, ortziral arratsaldean ere, mutil kozkorrak Argan sarturik, ertzetik uretara jauzika, Natacioko presa ondoan. Aldi berean, hamaika neskatiko-mutiko beheitixeago zaldainen inguruan josteta bizian, txipi-txapaka. Haurren lekuko, Argaz bi aldeetako zuhaitzak, hostoz jantzi berriak, udaberri hasiera -idor, idorregi- honetan. 1878ko apirilean, "udaberriaren edertasuna" goretsi zuen Esteban Obanos iruindarrak, Iruñeko "Euskara" aldizkarian: "sartu gara udaberri edo primaderako sasoin ederrean€ Lurra iratzartzen da; izate guztiak pizten dira ta aditzera ematen dute beren bozkario eta kontentua..". Bitartean, ibaiari beha, goitik, Labriten bastioia. Hasierako begiratuan baino auni-tzez ere mendi gehiago ikusten dira gain hartatik; Pirinioetako hiruzpalau kasko ere bai. Puskaz hurbilago, Iruñerrian bertan, gailur polit bat, azken urteotan famatua, tontorrean agertutako monasterio zaharraren kontura, hots, Arriaundi. Sekulako ikuspegiak daude; horrexegatik aukeratu omen zuten leku hura monasterioa eraikitzeko. Hasieran, Aralarko eta Leireko elizak bezain garrantzitsua omen, baina gero, hormak erori, eta lurrak dena jan zuen, harik eta Aranzadi Zientzia Elkarteak oinarri guztia argira atera zuen arte. Ikusgarria da egiazki. Ohi duenez, lan txukuna egin zuen Aranzadik, Nafarroan hamaika lan egin izan dituen bezala. Ospea du nazioartean arkeologia kontuetan. Handik eta hemendik deitzen dute. Nafarroako arkeologia "ofizialak", ordea, ateak itxi dizkio, elkartea "kanpokoa" delako. Gaur egun, Joxemiel Barandiaranek berak debekatua izanen luke Nafarroan aritzea. Horra zertaratu garen.