imisioaren albistea zabaldu bezain laster abiarazi zuen alkateak bere trikimailua aurrekontuak onesteko, hiriaren puska handi bat ur uherrek hartua zegoela. Udal gobernu taldeak ederki baitzekien epailearekin tratua egina zuela Abaurreak eta karguari uko eginen ziola. Bi urte eta erdiko espetxealdia eskatua zioten. Ikusirik, bada, txupinazoaren auzi hartan zinegotzi eskuindar bat salaketagilea zela; ikusirik tartean ikurrina zegoela; ikusirik, halaber, auziperatua ez zela edonor; eta ikusirik, azkenik, gauza bat dela udaletxeko ate ondoan dagoen Justiziaren irudia, eta bertze bat, egungo Justiziak horrelako aferetan darakutsan joera, erran nahi baita, ez dirudiela batere itsua, itsu-tsuan ari dela baizik, abokatuak aholku emanen zion bere bezeroari sei hilabeteko zigorra onartzeko. Ez baita nornahi Abaurrea. Inork ez baitauka hark adinako eskarmenturik udalean. Bere garaian, Barcinak berak aitortu zuen arras zinegotzi ona zela. Ederki ezagutzen du udal funtzionamendua, barnekoa. Gainera, adinaren joanak dakarren eskarmentua onuragarri izan zaio gazte garaiko suhartasuna otzantzeko. Joan den legealdian, konparaziora, talde sozialista erakartzen saiatu zen euskararen gaineko erabakietara, euskararen ordenantza berriak gehiago irauteko aukera izan zezan, hauteskundeetan udal gobernua aldatzekotan. Sozialistek, ordea, ez zuten deus jakin nahi izan, eta euskaltzale antolatuen bozemaileak, gainera, arrunt nerbiosten hasiak ziren ez ote zen legealdi hura antzu gertatuko. Azkenean, ordenantza hura onetsi bai, baina aingerutan hil zen, berehala antzutua, batere biderik egin gabe. Alkatea, berriz, ez da biderik egin gabe geldituko, oso garbi dauka aitzina egin behar duela. Jukutria arras itsusia da bai, baina legezkoa, eta ederki dakigu nafar eskuinak ez duela sekulan auzo lotsarik izan.