Straight edge bizimodu bat da, baita mugimendu sozial bat ere. Hardcore punk azpikulturan jaiotako bizimodu honetan, jarraitzaileek drogak ez kontsumitzeko konpromezua hartzen dute. Abstenitzen dira drogak kontsumitzeaz, bai, baita alkohola edota tabakoa ere, kontuan izanda gehien kontsumitzen diren drogak direla espainiar estatuan, bai legalki onartuak izateagatik, baita moralki duten onarpenagatik ere.
Modu honetan, straight edge jadanik bazterrekoa zen azpikultura baten azpikultura bezala jaio zen. 80. hamarkadan, non itxaropen eza nagusi zen bereziki gazteen artean, jende askok eraikitzen ari zen gizarte batean haien lekua aurkitzen ez zuen bitartean, bere izateko zergatia nonbait aurkitu zuen: punk-ean. Punk generoaren barruan, hardcore punk-a agertu zen, azpigenero bat non soinua erradikalagoa zen, eta orokorrean, musika gogorragoa zen. Minor Threat musika taldea straight edge mugimenduaren aitzindaria izan zen. Modu honetan, taldeak, straight edge jarraitzaileen adierazle gisa, bide bat ireki zuen non musikak eta militantzia politikoak bat egiten zuten.
Esan genezake straight edge-a erradikalizazioaren erradikalizazioa izan zela, baita punk munduan oso errotuta zeuden zenbait baloreen subertsioa ere. Esan genezake ere straight edge-k punk-aren barruan drogek jokatzen zuten papera birpentsatzeko beharra mahai gainean jarri zuela.
‘Straight edge-aren’ historia
Esan bezala, straight edge mugimendua 1980ko hamarkadaren hasieran jaio zen Washington D.C.-ko hardcore punk eszenan, Minor Threat taldearen eskutik. Hasieran, edozein motatako drogak baztertzea zen oinarria, baina denborarekin, hainbat jarraitzaileek beganismoa eta bestelako jarrera politiko eta sozialak gehitu zizkioten.
1980ko hamarkadaren erdialdean, Youth Crew izeneko olatua sortu zen, non Youth of Today eta Gorilla Biscuits bezalako taldeek mezu positiboak eta batasunaren aldekoak zabaldu zituzten. 1990eko hamarkadan, mugimendua mundu osora hedatu zen, eta adar desberdinak sortu ziren, hala nola, hardline, jarrera zorrotz eta erradikalagoa zuena, edo krishnacore, espiritualtasuna integratzen zuena.
Gaur egun, straight edge mugimendua bizirik dirau, eta jarraitzaileek bizimodu kontziente eta osasuntsu baten aldeko apustua egiten jarraitzen dute, bakoitzak bere interpretazio eta konpromiso mailarekin.
Mugimenduaren jatorria kontuan hartuta, straight edge mugimenduak herrialde ezberdinetan indarra hartu du, batez ere hardcore eszena handia duten tokietan, aipagarrienak Suedia, Alemania, Erresuma Batua eta Brasil.
Azken urteetan, mugimendua globalizatu egin da, eta Latinoamerikan eta Asian gero eta gehiago zabaldu da, hainbat herrialdetan komunitate txiki baina aktiboekin.
Alkoholaren eta beste drogen inguruko ikuspegia
Straight edge mugimenduak drogak eta alkohola baztertzen ditu, baina hori ez da soilik osasun kontua. Jarrera horrek ikuspegi sozial eta politiko bat ere badu. Askok diote drogak eta alkohola kontrol tresnak direla, gizartean alienazioa sustatzeko eta sistema kapitalistak eragindako frustrazioa itotzeko erabiltzen direla.
Mugimenduaren barruan bi ikuspegi dira nagusi: batzuk banakako erabaki moduan hartzen dute, norbere burua kontrolatzeko eta kontzienteki bizitzeko; beste batzuek, berriz, posizio politikoagoa dute, esanez drogek zapalkuntzarekin lotura dutela eta langile klasea kontrolatzeko erabiltzen direla. 1990eko hamarkadan, hardline izeneko adar erradikalago batek jarrera zorrotzagoa hartu zuen, drogak ez ezik, harreman sexual “hedonistak” ere gaitzetsiz.
“Harreman sexual hedonistak” aipatzen direnean, hardline adarraren ikuspegia aipatzen ari da, eta haientzat horrek esan nahi du harreman sexualak ez liratekeela izan behar plazer hutsean oinarritutakoak, baizik eta xede “zintzoago” bat izan behar dutela. Nahiz eta zorrotzagoa den bide honek jarraitzaileak dituen, ez da ohikoena, gehienek hasierako mezuarekin jarraitu baitute: drogak ekiditea.
Hala ere, ez dago straight edge-aren barruan ikuspegi bakarra. Gehienek ez dute drogen kontsumoa besteengan epaitzen, baina argi dute euren bizitzan ez dutela lekurik. Beraz, osasunaz harago, askorentzat jarrera kontziente eta erresistentzia politiko modu bat ere bada.
Oinarriak
Martina Herrerok 18 urte zituenean straight edge mugimenduaren parte izatea erabaki zuen. Mugimenduaren oinarriei buruz galdetzen diogunean, hiru zutabe nagusitan oinarritzen direla zehaztu du: “drogak baztertzea, auto-kontrola bultzatzea eta kontzienteki bizitzea”.
Drogak ez erabiltzea osasun fisikoaren eta mentalaren aldeko hautua dela dio Herrerok, baina baita gizartearekiko jarrera kritiko bat ere. “Auto-kontrola ezinbestekoa da, straight edge-aren filosofiaren arabera, mendekotasunik gabe bizitzeko eta norberaren erabakien jabe izateko”, zehazten de Martina Herrerok.
Kontzienteki bizitzearen inguruan, hurrengoa zehazten du mugimendu honen kidea denak: “kontzienteki bizitzeak esan nahi du presio sozial edo ohitura hutsei jarraitu beharrean, norberak aukeratutako balioen arabera bizitzea, noski, gure gizarteak eta gure testuinguruak planteatzen dizkigun mugak kontuan hartuta”.
Korronte bakoitzak, zehaztasun bat
Aipatu dugun bezala, straight edge-aren barruan jarrera eta interpretazio desberdina egon dira historian zehar, eta Herrerok horien artean dauden ezberdintasunak zehaztu ditu. Youth Crew 1980ko hamarkadaren erdialdean agertu zen olatu positiboa da, eta hardcore-aren barruan batasuna eta errespetua sustatzen zuen helburu. Bandak, adibidez aurretik aipatutako Gorilla Biscuits, aktiboak izan ziren mugimendu honen zabalkundean.
Krishnacore lerroak straight edge eta espiritualtasuna uztartzen dituen korrontea da, batez ere Hare Krishna mugimenduaren eraginpean. Taldeek, hala nola 108k edo Shelterrek, inspirazio erlijiosoa zuten eta bizitza garbi eta kontzientea bultzatzen zuten.
Vegan straight edge, izenak dioen bezala, beganismoarekin lotura zuzena duen adarra da, eta “animalien eskubideak, ekologismoa eta kontsumo arduratsua jorratzen ditu”, Herrerok zehazten duen bezala. Straight edge-aren ikuspegi politikoena izan daiteke, gizartean bultzatzen den kontsumismoarekiko kritika sakona egiten baitu.
Noski, korronte “indibidualistagoak” ere badaude, edo horrela definitzen ditu Martina Herrerok modern straight edge lerroko kideak. Gaur egun jarraitzaile askok ildo ideologikoa eta politikoa alde batera utzi dutela dio Herrerok. “Askok bizimodu osasuntsua eta mendekotasunik gabeko existentzia nabarmentzen dituzte, baina norberaren interpretazioaren arabera moldatuta”, zehazten du Martina Herrerok.
Herrerok laburbiltzen duen bezala, straight edge ez da bloke bakarreko mugimendua, ezta ulerkera bakarrekoa, baizik eta bere barruan interpretazio eta balio ezberdina biltzen dituen mugimendua, nahiz eta berak indibidualistak diren horiekin ez duen bat egiten.
Mireia Ortizen kasua
“Bizimodu osasuntsuago eta kontzienteago baten bila nenbilen”, dio Mireia Ortizek straigh edge mugimenduaren kidea bihurtzeko zergatiari buruz galdetzen zaionean. Beti pentsatu izan du drogak ez direla beharrezkoak, ez ondo pasatzeko, ezta egunerokotasunean ere. “Straight edge-aren filosofiak horrekin bat egiten du”, zehazten du Ortizek. Bizi dugun gizartean nagusi de kontsumismoa ere bere kezken artean kokatu du straight edge mugimenduan hasteko zergatiei erreparatuz. Duela urte bat hartu zuen bizimodu hau jarraitzeko erabakia, 26 urte zituenean.
Ortiz ez zegoen zerbait berriren bila, baizik eta jada sentitzen zuena modu argiago batean bizitzearen bila. “Orain askeago sentitzen naiz, erabaki kontzienteagoak hartzen ditut eta ez dut presio sozialik sentitzen edateko edo drogak kontsumitzeko”, dio Ortizek, “nire burua hobeto ezagutzen ari naiz”.
Onartzen du zailtasunak izan dituela. “Adibidez, lagunekin planak egiteko askotan oztopoak sortzen dira, zeren askok nahiago dute taberna batera joatea, eta ni, hori saihestu nahian, beste plan batzuk proposatzen ditut”, dio Ortizek. Ez dago tabernen kontra, ezta zerbait hartzearen kontra, ezta bere lagunek jarraitzen duten bizimoduaren kontra. Hala ere, straight edge mugimenduko kidea izateko erabakia hartu zuenetik, onartzen du bere burura etortzen diren planak beste motatakoak direla. Adibidez, lagunekin gelditzeko eta egunerokotasunari buruz hitz egiteko, nahiago du paseo bat. “Ez da kirola egitegatik, baizik eta ez dudalako nire burua zerbait kontsumitzera derrigortu ez badut behar. Uste dut lagunekin egoteko ez dudala kontsumitzera behartzen nauen leku batean egon behar”, zehazten du Ortizek.