asteizko Olagibel kalearen hasieran, Postetxearen atzean, plaza berri bat eta bizikleten-tzako aparkaleku lurpeko bat egiteko lanak prestatu bitartean, aztarna arkeologikoak agertu dira: harresiaren zati bat, Santiago bidearekin lotuta dagoen harbide zati bat eta Adatseko Andra Mariaren ospitalea izan zena, XV.-XVI. mendekoak. Gasteizko udalak dena estali eta lanekin aurrera jarraitzea erabaki du, arkeologoek aztarnak ikertzeko denbora eskatu duten arren. Adituen ustez, aukera bat da, ikerketa sakona egin eta gero, agertu dena estaltzea hobeto kontserbatzeko, baina denbora behar da eta aukera guztiak kontsideratu. Orain arte berdegune bat zegoen hor, aspaldian itxi zituzten komun publikoak eta kalexka bat, Adatseko Andra Maria izena zuena. Bitxia da pentsatzea udalak ez zekiela ezer, ez zuela ezer sumatzen, zuloak egiten hasi baino lehenago.
Are bitxiagoa da espazio berri horri, plaza berri horri, jarri nahi dioten izena: Memoriaren Plaza. Edo ez hain bitxia, ondo-ondoan Biktimen Oroimenezko Zentroa baitago, berau ere arras dorpea memoria kontuetan. Metaforak askotan gorrotagarriak dira, zinez, edo argiegiak, mingarriegiak.
Badirudi, beraz, Gasteizko memoriaren zati bat estali, Memoriaren Plaza egin eta plaka merke bat jarriko dutela azaltzeko zer dagoen azpian, eta hirigintzak gupida gabe segituko duela ingurua aldatzen. Aldatuko ez duten gauza bakarra Gas-
teizek hortxe bertan duen eraikuntzarik itsusiena izango da, Espainiako gobernuko bulegoak biltzen dituena, gasteiztarrok NAN edo pasaportea egiteko derrigorrez bisitatu behar duguna. Gogoratzen naiz txikitan bazegoela espaloi hori erabiltzea debekatzen zuen arau lanbrotsu bat; gaur egun oraindik jende gutxi ikusten da hortik pasatzen.
Bostehun urte barru, orain eraikitzen ari garena aurkituko dute, hondakin bihurtuta, beste zerbait egitean, eta estali egingo dute, Arabako lautada basamortua edo zingira ez bada behintzat.
Memoria hauskorra da berez. Memoriaren Plaza dela-eta egingo diren txantxak eta hitz-jokoak ez dira batere hauskorrak izango.