Harrigarria da ikustea nola betikotzen doazen politikarekin lotutako gaiak, ez atzera ez aurrea. Zurrunbilo horretatik atera beharra dago, azterketa eta eztabaida ganorazkoa merezi duten gaiei lekua egin eta, norbere usteak eragin-trukean jarriz, heldutasunari ateak irekitzeko. Betikoan jarraitzeak erosoa ematen du baina laister bilakatzen da aspergarri eta antzu.

Gai bati heltzekotan, aurrekontuena ez da makala, komunitateen ongizate-oinarriak sendotu edo ahultzeko tresna nagusia baita.

Espainiako gobernuak proposatu berri du berea. Gainerako talde politikoengana hurbiltzea dagokio orain adostasunaren bila, beti baitago hobetzeko aukera eta, jakina denez, botuen beharra ere baduelako. Halere, gobernu-kideen arteko endredo tamalgarria izan da berria, oposizioari opari eder bat egin eta zaletuak aspergura-maila bat gorago jarriz.

Eta euskal aurrekontuak? Egun gutxitan ikusiko dira titularrak baina zain egon ordez, aurrekarien bila jotzea erabaki dut ez baizen alperrekoa izan Legebiltzarrean irailaren 22an ia egun osoa iraun zuen jardun nagusia.

Osoko saio horretan, Errusiaren eraso odoltsuak ekarritako nahigabea eta ziurgabetasuna edota neke pandemikoa oraindik gainetik kendu ezina gogoratuz, Lehendakariak ez zituen alboratu klima-aldaketak, bilakaera demografikoak, osasunak eta hezkuntzak dakarten erronka-multzoa eta desberdintasun ekonomikoaren areagotzen gizarte integrazioari dakarkion kaltea.

Testuinguru horretan planteatutako akordio estrategikoetan bat aurrekontuena izan zen. Eta bere atal nagusiak aurreratu zituen elkarlanaren bila: gizarte-politikak indartzea (osasuna, hezkuntza eta gizarte-babesa); enplegua eta suspertze ekonomikoa; inbertsio publikoa (ekonomia, osasuna, hezkuntza, ingurumena, energia eta digitaleko azpiegituretan); eta ikerketa, garapen eta berrikuntzako inbertsioa. Horiek dira giltzarriak eta euren argitan espero ditut gogoeta, eztabaida eta -zergatik ez- adostasun zabala, Jaurlaritzak burutuko duen aurrekontu proposamenaren gainean. Hala bedi.