Ez dakit zer gertatuko den azkenean Twitterrekin, desagertuko den ala ez, jabe berri ahalguztidunak itxiko duen ala ez, eta ez naiz iragarpenak egitera ausartzen, profeta txarra naiz. Batzuk adioekin hasi dira dagoeneko, ia-ia guztiak molde goibel eta malenkoniatsuz jantzirik, nire harridurarako. Beste batzuk artikulu burutsu filosofikoak (hitz egiteko modua da, besterik ez) hasi dira idazten sare sozialaren desagerpenak dakartzan ondorioei buruz, apokalipsi txiki bat. Nik uste dut balizko itxierak ekonomiarekin zerikusia izango duela batez ere, jabeak lortuko dituen edo ez dituen etekinekin, gure mundu honetan ohikoa den bezala.

Trepeta eta baliabide teknologiko askoren jaiotza, bizitza eta heriotza ikusi dut nik azken hamarkada hauetan (IRC txat haiek hilda daude, ezta?); horregatik, sare ospetsuaren amaiera (edo iraupena, berdin dio) oihan digitalaren bilakaera darwinistarekin (kapitalistarekin, hobe) lotzen dut batez ere. Twitter hiltzen bada, ez nintzateke hiletetara joango. Pena apur bat sentituko nuke, hori bat, kutxa horretan era arras desordenatuan gorde ditudan artikulu, elkarrizketa, musika, bideo, aipu eta testu zatiak beste nonbaiten bildu beharko bainituzke. Pena, egin ditudan lagun eta ezagun birtualak gehiago ez ikusteagatik (hitz egiteko modua da, besterik ez).

Nire kezka nagusia da zer gertatuko den sare horretan garatu den gorroto horrekin guztiarekin, nora joko duten orain hater edo gorrotatzaile horiek guztiek, zertan geldituko diren hemendik aurrera irain eta difamazio horiek guztiak. Baliteke gutxi barru Twiterreko irainak malenkoniatsu (gure garaiko patua) gogoratzea: “Ai, Twitterreko irainak, haiek bai irainak, ez orain ditugunak!”.

Twitter ez duen eta bizi den jendea ezagutzen dut, eta nik neuk Twitter barik bizi izan nintzen behin, Luistxo Fernandezek sarera eraman ninduen arte. Desagertuko balitz, bizirik segituko nuke entretenimendu, jolas, denbora-pasa hori gabe. Eta sareak eskaintzen dituen txutxu-mutxu kopuru handi hori gabe. Ai, txutxu-mutxuen falta nabarituko nuke, bai.