Urtean zehar izaten diren ospakizun eta gogoramen egunen atzean beti egoten da oroitzapenerako elikagaia. Gaurkoak, emakumeei eragindako indarkeria ezabatzeko konpromisoa sendotu beharra gogoratzea bilatzen du. Emakumeen aurkako gertakizun larriak antzinetik datoz baina egun seinalatu gisa ez dauka gaurkoak historia luzea. Nazio Batuen Erakundeak duela XX. mende amaieran ofizialdu zuen.

Zergatik behar da bigarren egun bat, dio lagun batek, hor egonda martxoaren 8a? Ikusgarritasuna lortzeko eta gizarte bizitzan parte hartzeko aldarrikapenak zein berdintasun osoaren aldeko borrokak badute helduleku nabarmena: gure aurrekoen borroka-baldintza latzak adierazten duen ekinaren indarra ezagutzea. Isiltasunak dakar ahaztura, ez distantziak zioenak arrazoia zuen.

Martxoaren 8a duela ia mende erdi bat ofizialdu zuen Nazio Batuen Erakundeak, urte asko aurretik emakumeen lan-eskubideak aldarrikatzeagatik zigortutako –eta akatutako– emakumeak oroitzeko. Gaurkoa, 1981ean Bogotan egin zen Hego Ameriketako Topaketa feministan eratu zen. Bertoko ponentzia zein bilkuretan, emakumeek jasarrritako sexu-indarkeriaren eremu berezien artean berariaz azpimarratu zen emakume atxilotu politikoek pairatzen zutena.

Zergatik hautatu zuten egun berezi hau? Hemerotekek argi erakusten dute norainoko lokarri odoltsua duen Errepublika Dominikarreko Trujillo diktadoreak egun seinalatu honekin. Mirabal ahizpak, Patria, Minerva eta Maria Teresa krudelkeriaz bortxatu, oinazetu eta hil egin zituen Trujilloren poliziak 1960ko azaroaren 25ean. Lau urte beranduago diktadorea atxilotu eta epaitu zutenean Francok jaso eta babestu zuen bere familia Espainiako askatasun giroan (sic).

Jesus Galindez ere erahil zuen satrapa harek demokraziari eta emakumeei zien gorroto. Oso arriskugarria, beraz, emakume demokrata izatea. Mirabal ahizpak eta emakume suntsitu guztiak gogoan, gure gizarte aurreratuen orban honek denok kutsatzen gaitu eta denona da erantzunkizuna. Bakarka ezin da. Gaur ere ez.