Ikusten dugunak baino gehiago markatzen du gure iritzia begiradak, errealitateari jartzen diogun aurpegiak, beti partziala izanda ere, besteenekin partekatzeko erabili ezean, herren geratzen denak. Begiratzeko moduak, norbere ideia bat gehiago ala bakarra den uste izanak, gizarte-komunitatea egiten edo desegiten laguntzen du.

Horrelako burutazioetatik urrun dagoen aurrekontu publikoetan atentzioa jartzean etorri zait gogora gaia. “Oposizio guztiak ezetz diotso Euskadiko eurrekontu-proposamenari” idatzi duenari beste begirada batez, “oposizio osoa baino gehiago den gobernuak atera ditu aurrekontuak” edo “aurrekontuek gehiengo lasaia ziurtatua dute” erantzun dakioke. Ikuskera desberdinok elkarren ondoan jarrita hobeto erakusten dute egoera.

Nafarroako foru-aurrekontuen alde agertu dira euskal alderdi abertzale biak, aurrera pausu direla ulertuta. Euretako bat gobernukidea da eta bestea ez baina bai da ezinbestekoa Legebiltzarrean gehiengoa lortzeko. Horrek, termino matematikoetan -gai honek badu matematikatik ere- bere proiektu politikoa ozenki nabarmentzeko aukera ematen dio.

Espainiako Gorteetan ere aurrekontuen alde egin dute. Oposizioan biak, euren baietzak balio estrategikoa du. Begirada batez lorpen kuantitatiboek baino garrantzi gehiago dute hemen kualitatiboek; esan nahi da Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan zor zaizikigun eskumenek dutela lehentsuna, dirulaguntza batek edo bestek baino, hauek ere ongietorriak izan daitezkeela ukatu barik.

Gatozen Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetara. Nafarroako indar korrelazioarekin alderatuz, alderdi hauen presentzia-modua desberdina da Eusko Legebiltzarrean eta, horrezaz gain, bat gobernuan dago eta bestea ez. Berezitasun erabakiorra da, bestalde, oposizioaren botuak urriagoak izanik, aurrekontuak atera egingo dituela gobernuak. Hau honela, zer da hobe, norbere aletxoa jarriz aurrekontu osoak dakarren onura partekatzea ala eragin horri uko egin eta aurrekontuak onartzen ikustea?