Diruz betetako maleta batekin harrapatu zuten Eva Kaili eurodiputatu sozialistaren aita Bruselatik atera nahian. Eva Kailiren bikotekidea ere, Pier-Antonio Panzeri, beste eurodiputatu ohi bat, negozioan zebilen. Diruz betetako maletek familiak batu egiten dituzte, kudeaketa estu eta arretatsua eskatzen baitute. Dirua Qatarretik datorrela dirudi, Qatarrek, jakina, dena ukatu badu ere, gauza benetan sinesgaitza Eva Kailik Europako Parlamentuan emirerriaren alde egin zuen mintzaldia entzuten bada. Zaila da lore gehaigo biltzea. Nik entzun nuen, eta ez dut ulertzen zergatik ez garen guztiok langileen eskubideen eta, oro har, giza eskubide guztien paradisu hartara bizitzera joan. Aspaldian, 2013an, hasi zen Qatar Gate deitutako seriearen azken denboraldia besterik ez da Kaili andrearena. Kontua da denboraldi berrian Europako Parlamentua agertzen dela (aurreko kapituluetan agertu ziren Sarkozy eta FIFA gainditu beharra zegoen nolabait).

Badirudi, gainera, Qatar Gate ez dela demokraziaren tenplu horrek duen ate bakarra: orain dela gutxi jakin dugu Maroko ere hor ibili omen dela beste ate bat irekitzen, dirua banatzen Sahararen aldeko egon litekeen ekimen ñimiñoena geldiarazteko: Maroko Gate.

Galdera berez dator: zenbat ate gehiago egongo dira hortik? Egia esan, orain edozein diputaturen hitzaldia entzun, berdin dio haize-parkeen alde jo edo gas errusiarraren kontra, eta mesfidantza nagusituko da: zein izango da une honetan bertan eurodiputatu horren edo beste haren hariak mugitzen ari den lobby boteretsua?

Horiek kasu bakanak baino ez direla izan errepikatzen digute, ustelkeriaren kontrako arauak eta kontrolak zorroztuko dituztela, erakundeak berak den-dena argitu nahi duela, baina kaltea egina dago. Diruz betetako maletarena irudi indartsuegia da, zineman hamaika aldiz ikusi dugu (eta batzuek etxean, antza). Txarrena da maleta handiagoak etorriko direla, eta maleta hau ahaztuko zaigula berehala. Irakurri, mesedez, Vicent Partal kazetari katalanak “Berria” egunkarian idatzitako “Europako ustelkeria” artikulua.