Berrogeita hamarreko hamarkadan eta hirurogeikoaren hasieran jaiotako jende aunitzentzat igandea izaten zen besta egun nagusia, duela 45 bat urte. Negu gorria izanik ere, igande arratsaldean, Iruñea eta Iruñerriko gazte koadrilak San Nikolas eta San Gregorio aldean elkartu, zerbait edan, gosea berdindu, autoa hartu eta Lekunberrira abiatzen ziren edari legean jarraitzeko edo, bertzenaz, zuzenean jotzen zuten Azpiroz gaineko Malloak dantzalekura, ordu txikietan etxera itzultzeko. Ez zegoen alkoholemia-kontrolik. Sakana, Larraun, Basaburua, Ultzama eta Leitza aldeko jende gazte eta ez hain gaztearekin elkartzen ziren, baita gipuzkoar saldo handiarekin ere. Doinu dantzagarri aproposak entzuten ziren loturik dantzatzeko, rantxerak eta gisakoak barne. Mutil gehienek, ordea, barrari itsatsirik ematen zuten gaualdia, kopaka, kubalibreka edo gin-kaska, hiru barra baitzeuden aretotzar hartan, hirurak ere jendez leher. Dena den, miraria bada ere, hamaika bikote egin ziren Malloetan. Orduz geroztik, errotik aldatu da parranda egiteari loturiko aisialdia. Igandea gainbehera etortzearekin batera, ortzirala itsatsi zitzaion asteburuari. Jendea montioka joaten zen Donibaneko plaza Gorrira, Agoizkora eta pubetara. Iturramak ere izan zuen bere aldia, baina gero Alde Zaharra bihurtu zen bestaren afal aitzineko eta ondoko erdigunea, ortzeguna ere erantsirik aste-hondarrari. Orain, Azpirozko gainera joandako jende aunitzek eta belaunaldi gazteagoek ere egun argiz egiten dute besta, larunbatetan, hiriburuan. Gaua soberaxko baita denboraren joanak higatutako gorputzendako. Bermuta, bazkaria eta, arratsalde erdian, garai bateko printzak ematen dituen modako diskotekara, edo Alde Zaharra eta inguruko tabernetara. Den-dena dago mukuru. Baita Labrit ere. Gau minean, berriz, gazteenak dira jaun eta jabe.