Bizitzan zer nahi dugun ez da beti erraza jakiten. Horregatik, askotan nahi ez duguna baztertzen joatea izaten da bidea egiten joateko modua, zer ez dugun nahi jakiteak berebiziko garrantzia baitu erabaki egokiak hartzeko orduan. Txiki-txikitatik egiten digute galdera: Zer izan nahi duzu handitan? Eta, konturatu gabe, erabakitzeko beharraren presioa sentitzen dugu, etorkizunean zer eta nor izan nahi dugun argi edukitzeko beharrak presionatuta bizi gara. Nire seme-alabei askotan esan diet heldutan zer izan nahi duten galdetzen badiete erantzuteko zoriontsu izan nahi dutela eta ez estutzeko zoriontasuna lortzeko bidea planifikatzen. Bidea egiten joateko esaten diet, eta bidean bertan ikusi dezatela non dauden eroso, norekin, nola… Erabaki handiak pauso txikien bidez hartzen direlako. Etapa bakoitzean joango direla neurtzen, han edo hemen gustura dauden ikusten, izan ere, ez baikara beti gustura egoten desiratu duguna lortzean. Ametsak eta helburuak aldatzeko libre sentitzeko esaten diet, ez dugula zertan amets bat mantendu eta haren atzetik jarraitu jada barruan kili-kili egiten ez badigu. Ametsak, gu geu bezala, etengabe eraldatzen doazelako. Zer izan nahi duten erabakitzeko sentitzen duten presioaren aurrean, esaten diet, hori bai, oso garrantzitsua dela jakitea zer ez duten nahi, zer ez zaien komeni, zerk egiten dien min, zer ez zaien gustatzen, zer ez duten onartuko. Garrantzitsua dela aldentzen jakitea diren bezalakoak izaten uzten ez dien ingurune batetik, adibidez; edo urruntzen jakitea tratu txarra ematen dietenengandik edo euren askatasuna mugatu nahi dutenengandik. Presioa kendu nahian, esan diet nik ere oraindik ez dakidala zer izan nahi dudan handitan, baina egunetik egunera argiago daukadala zer ez dudan nahi, eta hori, azken finean, superbotere moduko bat dela, zer ez duzun nahi jakiteak bidea argitzen eta bidea egiten laguntzen dizulako. Nahi ez duzuna baztertuz ere egiten dela bidea, alegia. Zuretzat onartezina dena identifikatuz eta hari uko eginez.