Kultur dibertsitatean diharduten taldeek ez dute onartu alkateak sanferminetarako utzi dien lekua; han, Bertxerako (Vergel) zubiaren ondoan, erreka ertzean bazterturik. Ez da kontu berria Udalak kultura zokoratzea edo, hobeki erran, kultura molde jakin batzuk zokoratzea. Euskaraz ontzen den kulturak ederki baitaki hori, horixe gertatu baita alkate-makila eskuinaren eskuetan egon den aunitzetan. Izan ere, izen itsusia baino itsusiagoa duten Civivox kultur guneak sortu zirenean, konparaziora, euskarari iltzez eta giltzez itxi zitzaion atea, Barcinak halaxe erabakirik, euskal kulturari loturiko adierazpen oro eraikin berri, dotore, distiratsu eta moderno horietatik at utzirik, bai eta Kondestablearen Jauregi apain eraberritutik kanpo ere. Udalak, aldiz, areto zaharkitu eta zaharberritu gabeak aukeratzen zituen euskarazko ekitaldiak emateko, alokairu saria ordaindu behar bazuen ere. 2008ko krisia piztu zenean, ordea, sosa aurreztu beharrak bultzaturik, Udala Civivoxetan hasi zen euskal kultura sartzen. Horixe eta bertze gauza jakingarri aunitz kontatu zituen Iñaki Azkona Huercanosek joan den egunean Zaldiko Maldiko elkartean, Maiatzaldia ekimenaren baitako hitzaldian: “Euskara Iruñeko Udalean. Zirrikituen politika, ahala eta aukera”. 1984tik aitzina 35 urtean udaleko euskara koordinatzaile izandakoak badu zer konta, euskararen inguruko udal politikaren ageriko eta ezkutuko gertakarien lekuko hauta izan baita. Politika horren oinarriak aletu zituen xeheki, hots, abiapuntua, zer, zergatik eta noraino, aurrerapenak, ETAren ekintza odoltsuek eragindako atzerapausoak, bai eta alferrik galtzen utzitako aukerak ere, dena garaian garaiko gertaeretan kokatua. Hitz batez, ene ustez, sekulako ikasbidea zirrikituak trebeziaz baliatzeko eta alferreko aldarrikapenetan ez tematzeko.