Ortotsak eta erauntsiak aste osoan. Ezin jakin gaurko ekaitza non botako duen eta zenbat. Zenbait tokitan aunitz eta, ondoan, berriz, gutxi edo ja ere ez. Asteazkenekoan, goian behean Arrosadian. Ia ateri, Alde Zaharrean. Ortzegunekoan, berriz, uharka Alde Zaharrean. Deus gutxi, Ermitagañan. Ortots giro, beraz, eta sargoria, emaitzek airean utzi dutena bezalakoa. Erranak erran, usteak uste, 26ra iritsi dira Esparza eta Chivite. Kito. Ez atera xanpainik. Alimaleko arrakasta Esparzarentzat, Madrilgo eskuin mediatikoa kontra izan arren. Joan den astean, harendako hil-ezkilak jotzen aritu ziren egunero leku guztietan. ”28an, harenak eginen dik eta haren alderdiarenak ere bai”. Hamaika lagunek uztarriak erosi dituzte idiak baino lehen. Esker oneko agertu beharko zaio Esparza bozen aitzinetik noranahi zabaldutako txioari: “Orpoz orpo garraizkio”, “300 botoren aldea baizik ez”. Iragarritako alde hori, azkenean, ia hamarrekin biderkatu zen, txio hark hiriburuko jende sektore batengan sortutako ikarak eraginik. Hurrengo baterako, komunikazio-estrategia findu beharko dute zenbaitek. Zerrenden inguruko aferak, gainera, ate aunitz itxi ditu. Gauzak horrela eta, irudimentsu jokatzen ez bada, alkateak bere alderdikidea izanen du oinordeko. Nafarroan, berriz, sozialistak eroso baino erosoago, estatuko emaitza txarren olatuak ez baitu Ebro gainditu. Alde batera zein bestera joka dezakete eta, mehatxu hori baliatuz, are soka motzagoan lotzen saiatuko dira Gobernuan kide izan duten taldea, bai eta Parlamentuan babesa eman dion taldea ere. Korralitoari bidea eragoztea aski eta sobra arrazoi izan daiteke Gobernuan zertarako sartu eta huraxe Parlamentutik zertarako babestu argudiatzeko. Baina oraingoan ez da aski. Oraingo honetan, zerbait gehiago beharko da, aitzinapausoren bat bederen euskararen arloan.