Aste honetako asteartean, ekainak 20, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izan da. Munduan milioika dira beren etxeetatik ihes egin behar izaten duten pertsonak. Orokorrean, etnia eta erlijioagatik, edo iritzi politikoengatik, gatazka armatuetatik, edota bestelako indarkeria pairaezinarengatik ihesean dabiltzan desplazatu horiek gomutan hartzeko eguna izan da asteartekoa. Aurtengo lema Itxaropena etxetik urrun izan da.

Goiburu hori irakurtzerakoan, atoan bururatuko zaigu Ukrainatik desesperaturik alde egin zuen giza-talde handi hura, Euskal Herrian aterpe topatu zuena, eta hemen bizitza berriaren esperantza piztu zaiona. Kasu horretan, gatazka beliko sinestezinaren osteko ihesaldia izan zen, mundu globalizatu honetan oihartzun handia hartu, eta euskal herritar askoren elkartasuna piztuarazi zuena. Euskal Herrian ongietorria eman zitzaion komunitate hari, eta beren bizitzak berreraikitzen laguntzeko baliabideak eta hornidurak arin garatu eta banatu ziren. Batzuek, agian, etorkizuna bilatuko dute gure lurraldean, eta beste batzuek berriz, herrialde hartara bueltatzeko ametsa gorpuzten segituko dute, harik eta arrazoi gabeko gerra hura amaitzen den arte. Bueltatuz gero ez dute lan makala! Bertan topatuko duten triskantzatik salba daitekeenarekin herria berreraiki eta bizitza berria berreraiki. Eta ez ahaztu Sudango gerrak ere antzeko iheslari-bolumena sortu duela. Guztira, iaz, 19 milioi pertsonak egin behar izan zuten ihes beren etxeetatik, agian betiko.

Hortaz, Errefuxiatuen Munduko Egun horrek pertsona horien erresilientzia-gaitasuna nabarmendu nahi du, haiekiko enpatia bilatuz.

Baina zoritxarrez, gizakia da gizakiaren harrapakari zoroena, eta munduko politikariek geldiarazi nahi izan ez duten gerra horiek ez dute epe laburrera amaierarik izango. Haien burubakokeriek kolapso humano hori sortarazten dute. Horiek ere badira migrazioaren aferaz arduratzen ez direnak. Azken adibidea, Greziako Peloponesoko kostaldetik gertu migratzailez beteriko itsasontzi hondoratuaren kontu beldurgarria izan dugu.