Sinead O ‘Connorri buruzko Nothing compares dokumentala ikusi ondoren, pentsatu dut zein garesti ordaintzen duten pertsona batzuek ezarritakoaren aurka agertzea. Sinead O ‘Connor bere ibilbidearen gorenean zegoen 1992an Saturday Night Live audientzia handiko saioan Juan Pablo II.aren argazki bat puskatu zuenean Elizak eragindako sexu-abusuen aurka protesta egiteko. Ez zen izan kantari irlandarraren protesta publiko bakarra, kalitate artistikoagatik ez ezik, bere ibilbide guztian zehar nabarmendu baita politikoki ez zuzena izateagatik eta hainbat bidegabekeria salatzeagatik.

O ‘Connorrek haurtzaro zaila izan zuen, jipoiak jaso zituen txikitan, erreformatoriotik ere igaro zen. Bizitza osoan ibili zen borrokan inertzia sozial eta politiko handien aurka. Aitortu zuen txikitatik ez zuela ederra izan nahi: “Polita izatea arriskutsua da, zoazen tokira zoazela jazartzen zaituztelako”. Horrela, diskoetxeak ile luzea utzi eta mini-gona janzteko presioa egin zionean, bere erreakzioa ilea moztea izan zen, buru soil geratzea. Era berean, ez zuen amore eman haurdun geratu ondoren diskoetxeak abortatzeko egin zion presioaren aurrean. Zenbait Grammy-ri uko egin zion, uko egin zion baita Ipar Amerikako ereserkiaren ondotik abesteari... Inoiz aitortu zuen ez zela inoiz izango ohiko emazte eredugarri bat, ez zela bihurtuko inoiz beti janaria prestatzeko eta sexualki prest egoteko dagoen emakumea.

Zalantzarik gabe, semearen suizidioa kolpe handia izan zen beretzat, baina O’Connorrrek kolpe asko jaso ditu bizitzan zehar eta beti korrontearen aurka borrokatu delako. Garestia izan da ordaindu duen prezioa berarengandik espero zenari ez erantzuteagatik, sozialki zegokion rola ez betetzeagatik. Esaten zuen ez zuela abesten famatua izateko, bere amorrua oihukatu ahal izateko baizik. Eta hor dago bere artearen egia, bere ahotsak, batez ere, egia handi bat adierazten zuelako. Eta egia horrek min ematen digu gaur, bere heriotzaren berri izan dugunean, baita egun batean bere kontra oihu eta txistu egin ziotenei ere seguraski. Goian bego.