Arestian aske utzi dute bost andrazko hil zituen erailea. Hogeita bost urte eman ditu kartzelan. Laburbilduz, bost urte andrazko bakoitzeko. Merke saltzen da gizaki baten bizia, alajaina! Albiste horren inguruan, zertzelada batzuk nabarmendu nahiko nituzke.

Lehenengoz, zergatik ezin da erailearen aurpegia lausotu barik erakutsi telebistan? Nork babestuko ditu biktima gerta daitezkeen andrazkoak eta haien eskubideak? Nork babestuko ditu errugabeak eta haien eskubideak? Gehiago balio ote dute erailearen eskubideek haren biktimen eta haien senideenek baino?

Bigarren, zenbat urteko balioa du hildakoen senitartekoen eta hurkoen sufrimenduak? Egunokin telebistatik trafikoaren inguruko iragarki bat ikusi dut, eta berean esaten da trafikoan pertsona bat hiltzen duenak egunean-egunean hiltzen duela pertsona hura. Hiltzailearentzat horrela bada, zer sentitu behar dute hildako bost andrazko horien senitartekoek? Ez ote dira egunean-egunean hiltzen haien alabak, emazteak, lobak, ilobak, lehengusinak eta lagunak galdu dituztenak?

Hirugarren, inork benetan uste du kriminal horrek zorra “ordaindu” duela gizartearekin? Itaun hori hildakoen senitartekoei egin zaie? Nik ez dut uste bost andrazko sailean hil dituenak kartzelatik irten beharko lukeenik. Sekula ere ez. Nirekin ez du zorrik gaizkile horrek, baina hildakoen senitartekoei eta hurkoei itaundu beharko litzaiekeela uste dut.

Laugarren, kriminal horrek gizarteratzeko eskubidea duela diotenek pentsatu al dute gizartean bertan harekin egongo direnek ere badutela eskubiderik hura nor den jakiteko? Errugabetasun-presuntzioak kondena ezarri aurretik dirau, behin kondena ezarritakoan erruduna da. Horrenbesterekin, haren ondoan bizi direnek badute eskubiderik jakiteko nor daukaten inguruan, haien segurtasunagatik batez ere.

Azkenik, abstraktutasunetik norberarengana helduta: anonimotasun hori babestu dutenek horri eutsiko liokete baldin eta aldez aurretik balekite kriminal hori euren auzoan biziko litzatekeela?