Gogora Institutuko Zuzendaria den Aintzane Ezenarrok abuztuaren 27n, igandean hain zuzen, elkarrizketa erabat bikaina eta guztiz esanguratsua eskaini zion Noticias Taldeko egunkariei. Hona hemen jarraian Aintzane Zuzendariaren hainbat adierazpen oso interesgarri, arrapaladan eta jarraian: “Indarkeriaren epika tranpa bat da (-) ezin da berriro indarkeria-egoera batetik bizikidetza-egoera batera pasatu ahanzturatik (-) oroimena, zenbat eta oraintsuago orduan eta zailagoa da, oraindik sufrimendu handia dagoelako (-) inork ez zuen esan memoria partekatu bat eraikitzea erraza denik (-) iraganari begirada kritiko hori egitea zaila da, baina horrek ez du esan nahi ez dugula egingo, zeren gure betebeharra da, gazteei zor diegu (-) memoria demokratikoa beti plurala izango da, memoria asko eta desberdinak baitaude, muga bakarrarekin, hau da, inoiz ez da indarkeria justifikatzeko erabili behar (-) gertatu dena kontatzen ez bada, etorkizunean hutsune etiko bat egon daitekeen aukerak sortzen dira, indarkeriari buruzko ikuspegi etiko bat egon dadin lehenik eta behin ezagutu egin behar da, hori da bermatu behar dena (-) Gobernu honen helburua da gazteek beren iragana ezagutzea eta Giza Eskubideen ikuspegitik iragan hori ezagutzeko duten eskubide hori bermatua izatea (-) gure gazteek beren oraintsuko iragana ezagutzeko eskubidea dute, eta hori Giza Eskubideen eta biktimen ikuspegitik egiteko modua bilatu behar dugu (-) biktimaren ikuspegia oso gogoan izan behar da beti, ez soilik ETArenak edo GALenak, baita frankismoarenak ere (-) memoria guztion ondarea da, ezin da ezein alderdiren edo erakunderen ondare izan (-) gazteek zenbat eta gehiago jakin, zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta berme gehiago izango ditugu iragana ez errepikatzeko(-) Lan garrantzitsua da, eta epe luzera begira, HERRI helburu (-) bidezkoak iruditzen zaizkigun kausak defendatzeko modu asko daude, baina ez, inoiz ez, indarkeria erabiliz”. Hurrengo astean lerro hauei dagokien jarraipena izango du.