Alde Zaharrean bizi denak bakarrik daki zer-nolako urrina eskaintzen dion karrikak SF handitan, txikitan, jai bezperetan, asteburu aunitzetan eta, are, baita ortzegun frankotan ere. Zintzurreratzen den edariak mukuru beteriko maskuria husteko leku hautak baitira Alde Zaharreko dinda meharrak eta zoko-mokoak. Hizkuntza Eskolaren eta Osasun Etxearen arteko txoko ziztrin eta ilun hori maite dute gaueko pixatiek bereziki. Baina bertzelakoak ere bai. Handik hurbil, Xabier jaitsiera dago eta ikusgarria da nola jaisten den pixa-erreka Caldereriarantz, Gaztelu plazako eta Estafetako edaleen ekinaldiaren ondorioz. San Agustin elizaren saihetseko hormak ere hamaika pixa jasotzen ditu. Konpainiako plazako zabuek berek ere bai. San Jose plaza ttipi, kuttun, pollit eta apaina ere pixatoki bilakatua da aspaldian. Bai eta Oinutsen kaletik Nafarroako Museora doan kalexka ere. Eta hamaika toki gehiago ere bai. Gaitz erdi bizilagunak atari-sarreran gernua soilik aurkitzen duenean. Urak nola, pixak ere bere bidea egiten du, atari eta denda azpietatik barnera sartzen baita. Aspaldiko afera da, gaitza. Alferrekoak gertatu dira bizilagunek berek abiarazitako kanpainak. Saiatzen dira, gutxienez. Udalak ez du deus jakin nahi. Tira, oraingoan zerbait egin du, komun bat paratu du San Jose plazan, bat bakarrik. Horra peña eta elkarteetako musika-ekitaldi guztiak –karaokeak barne– debekatu dituen alkatearen ekarpen baliosa. Gutxienez dozena bat komun jartzeko lekua bada katedralaren hormaren ondoan, Nabarreria aldetik maskuria lehertu hurran pixa larri heldu diren pixatien beharrak hartzeko, behinik behin. Goiznabarrarekin batera, ur-kamioia hasten da zoko-mokoak garbitzen (ez beti). Eguerdirako, ordea, gauzak bere txarrera itzuliko dira, txakur baten oparia aurkituko baituzu atari sarreran.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
