Ba daude, edota hobeto esan, izaten dira noiz behinka atzera begira behartzen gaituenak, handik eta hemendik, hurbilekoak eta urrungoak. Beste kontinenteko indigenak. Nortzuk ziren, zenbat ziren, zenbat diren, nola bizi diren (direnak), ze eskubideak zituzten, dituzten eta izan behar lituzkete. Zenbat hil ziren, zenbat hil zituzten kolonizatzaileek, zergatik eta noiz. Europar aurpegiak eta arrazoiak, izen eta abizenak. Dirua erditik. Dirua eta boterea.

Oraingoan, han oso urruti, munduaren beste punttan. Australiak baztertu egin zuen, aurtengo urriaren 14an, 1901eko Konstituzioa aldatzeko proposamena. Indigenei Legegilearen eta Exekutiboaren aurrean ahotsa emateko erakunde aholku-emaile bat sortzeko proposamena hain zuzen beraiekin eta beraiekiko zerikusi zuzena izan zezaketen gaietan. Ezezkoak % 59rekin irabazi zuen eta baiezkoarenak % 40,2a lortu zuen doi doi. Jakin beza irakurle estimatuak Australiako 26 milioi herritarren artean % 3,8 indigenak direla, soilik. Borondate honen proposamena Anthony Albanese lehen ministroaren eskutik zetorren, hauteskunde promesa bat zen hain zuzen. Proposamena 2017an sortu zen “Uluruko Bihotzetik Adierazpenaren” parte izanik.

Aldaketa konstituzionalak proposatzen zituen indigenen Batzar baten ondoren alajaina. Baina, asmoak asmo. Emaitzak jakitean Anthony Albanesek esan zuen gau zaila, iluna eta tristea zela Australiako indigenentzat. Ez zuela emaitza negatiborik espero, baina errespetua ziola. Bere ahotsa eteten zen, hautsi batzuetan, hunkitu zen albistea ematerakoan. Gizon zintzo honek uste zuen erreferendum horrek “historia” egingo zuela Australian eta baiezkoa zela garaile. Kontu izan irakurle Australia dela Konstituzioan indigenak onartzen ez dituen iragan koloniala duen estatu industrializatu bakarra. Dena dela hauteskunde aurreko inkestek adierazten zuten ez zela aterako proposatutakoa, mesfidantza zegoela eta zalantza gizartean izango zituen ondorioetan proposamena nola antolatu eta gauzatuko zen. Auzo-lotsa!! Australia.